Itxi

Reala

Europa Liga

Rosenborg, Realaren lehendabiziko oztopoa erronkaz betetako astean

eitb.eus

Hiru egunen buruan talde norvegiarra hartuko du Europa Ligan eta Real Madril Ligako txapelketan.

  • Mikel Oyarzabal, Realak joan zen denboraldian Balaidosen sartu zuen goletako bat ospatzen. EFE

    Mikel Oyarzabal, Realak joan zen denboraldian Balaidosen sartu zuen goletako bat ospatzen. EFE

Realak egoera ezin hobean egingo die aurre Anoetako futbol zelaira bata bestearen atzetik bisitan etorriko diren hurrengo bi aurkariei. Bartzelonarekin batera Ligan partida guztiak irabazi eta txapelketaren buru dagoen talde gipuzkoarrak Rosenborgen aurka lehiatu beharko du Europa Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian. Norvegiarrak ere nagusi dira bere ligako sailkapenean.

Igandean, berriz, Real Madrilen txanda izango da. Talde zuria denboraldiko lehenengo premiekin helduko da Donostiara, bost puntu besterik ez baititu pilatu orain arte jokatu diren Ligako hiru norgehiagoketan (garaipen bat eta bi berdinketa).

Jokin Aperribay Realeko presidenteak aipatu bi partidak izan ditu mintzagai gaur goizean.

Aperribayren aburuz, helburu behinena Rosenborgi irabaztea izan behar du Europako estreinaldian; alabaina, aitortu du ez dela aurkari "erraza" izango, eta beharrezkotzat jo du guztien parte-hartzea (jokalariena eta zaleena) garaipena lortu ahal izateko.

Europako lehiaketari dagokionez, Realeko presidenteak uste du garrantzitsuena "iparra ez galtzea" dela eta bideaz gozatzea, jakitun izanda gauzak ondo egin daitezkeela "umiltasunez eta gorputz eta arimaz arituz".

Igandeari begira jarrita, Aperribayren iritziz, Reala une gozoan dago, eta "irabazteko aukera ugari ditu".

Korner

Realeko presidenteak Anoeta estadioan bertan dagoen Ernest Lluch kultur etxean egin den Korner-Kultura&Futbol Festibala ekimen berriaren aurkezpenean esku hartu du gaur goizean.

Jaialdi hori datorren otsailaren 19tik 24ra egingo da, eta futbola eta kulturaren mundua uztartzeko asmoa izango du.