Itxi

Reala

Europa Liga

Willian Joseren golek Realaren garaipen argia bideratu dute Vardarren aurka

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrek aise azpiratu dituzte mazedoniarrak Skpojen (0-6), brasildarrak sartutako lau goli esker. Beste biak Oyarzabalek eta De la Bellak sartu dituzte.

  • Willian Jose, partidako protagonista nagusia. EFE

    Willian Jose, partidako protagonista nagusia. EFE

Willian Jose Realeko jokalari brasildarra izan da talde txuri-urdinak ostegun honetan Mazedonian jokatu duen partidako protagonista nagusia; izan ere, bere taldeak Europa Ligako L multzoko azkena den Vardar ahulari sartu dizkion sei goletatik lau berak erdietsi ditu.

Mazedoniako taldeak erasoari uko egin dio hasieratik, eta bere zelaian gotortu da defentsa-lanetan Realari kontraerasoan min egiteko asmoz.

Reala, berriz, gogotsu atera da hiru puntuen bila, jakin baitzekien irabaziz gero oso bideratuta utz zezakeela multzoko bigarren postua.

Dena ezin hobeto atera da, 11. minuturako txuri-urdinak aurretik jarri baitira, korner baten bidez. Bigarren zutoinean zegoen Oyarzabalek sarera barrura bidali du Xabi Prietok lehen zutoinean buruz ukitu duen baloia.

Vardar ezinean ibili da Eusebio Sacristanen jokalariek erakutsi duten joko erasokorraren aurrean, eta aukerak bata bestearen atzetik etorri dira. Willian Jose eta Canalesek garbiak izan dituzte, batak zutoinera jaurti baitu eta besteari Gachevski atezainak gelditu bikaina egin dio.

Donostiarrek huts egin dituzten abagune horien ostean, Vardar suspertu egin da, eta Nikolovek langatik oso gertu pasatu den jaurtiketa gogor baten bitartez ikaratu egin ditu lehia ikustera bertaratu diren 300 jarraitzaile txuri-urdinak.

Alabaina, sustoa gaindituta, Realak partida erabakita utzi du atsedenaldira heldu baino lehen Willian Josek sartutako bi goli esker. Lehendabizikoa Canalesek emandako pase bat aprobetxatuta, eta, bigarrena, areaz kanpotik egindako jaurtiketa zehatz eta indartsu baten bidez.

Realak partida osoan eutsi dio bere joko nagusitasunari, eta mazedoniarren ezintasuna nabaria izan da. Hartara, bigarren zatia hasi eta berehala, laugarren gola lortu dute donostiarrek, oraingoan ere Willian Jose izanik egilea.

Real Madril eta Las Palmaseko aurrelari ohiak taldeko bosgarrena sartuta esan dio agur bere gau handiari. Handik gutxira Eusebiok aldatu egin du edozein lesio ekiditeko asmoz.

Azken gola De la Bellak gauzatu du, Canalesek eta Xabi Prietok aurretik egindako jaurtiketen azken aldaratzea hartu eta baloia ate barrura eraman du txuri-urdinen gol festari amaiera ezin hobea emateko.

Fitxa teknikoa:

Fk Vardar: 0 Gachevski; Hambartsumyan, Grnacarov, Novak, Glisic (Demiric, min. 73); Gligorov, Nikolov (Blacevski, min. 46), Barseghyan; Juan Felipe, Jigauri eta Ytalo (Markovic, 64. min).

Reala: 6 Rulli; Gorosabel, Elustondo, Llorente, De la Bella; Illarramendi (Rubén Pardo, 64. min), Zubeldia, Prieto; Canales, Oyarzabal (Januzaj, 57. min) eta Willian José (Jon Bautista, 60. min).

Golak: 0-1, 11. min: Oyarzabal. 0-2, 33. min: Willian José. 0-3, 41. min: Willian José. 0-4, 54. min: Willian José. 0-5, 59. min: Willian José. 0-6, 90. min: De la Bella.

Epailea: Aliyar Aghayeh (Azerbayan). Txartel horiak: Hambartsumyan.