Itxi

Reala

Europa Liga

Realak beste pauso bat eman du Europan, Vardarri erraz irabazita

Agentziak | Erredakzioa

Donostiako taldeak 9 puntu ditu multzoko sailkapenean, Zenitek baino bat gutxiago. Juanmik, De la Bellak eta Bautistak egin dituzte golak.

  • Realak hirugaren garaipena eskuratu du Europa Ligako multzoan / EFE.

    Realak hirugaren garaipena eskuratu du Europa Ligako multzoan / EFE.

Reala erraz gailendu zaio Vardarri (3-0) Anoetan, Europa Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldian, eta beste pauso bat eman du final-hamaseirenetara bidean.

Etxekoek gol festa izan dute berriz mazedoniarrekin, joanekoan bezala (0-6). Juanmik, De la Bellak (gol ederra egin du) eta Bautistak (estreinakoz) egin dituzte txuri-urdinen golak, erabat kontrolpean izan duten norgehiagoka erraz batean.

Vardar aurreko partidan baino hobeto zelairatu da, baina donostiarrek gogoz ekin diote neurketari. Oyarzabal, Zurutuza, Raul Navas eta Willian Jose txuri-urdinek euren aukerak alferrik galdu ostean, Juanmik egin du lehen gola, baina epaileak baliogabetu egin du. Ordu erdi geroago, halere, Malagakoak markagailua ireki du, buruz, korner jaurtiketa batean.

Aurkariek ez dute gaitasunik erakutsi erasoan, eta atzean ahul ibili dira, batez ere kornerretan, Realak aukerak izan dituen bakoitzean. Atsedenaldiaren aurretik, Willian Josek abagune bikaina izan du, atea hutsik zuela.

OYARZABAL REAL SOCIEDAD VARDAR EFE

Aldageletatik bueltan, etxekoek ez dute gidoia aldatu. Reala bigarrenaren bila aritu da, lasaitasuna lortzeko asmoz. Aurrean, aurkariak ez dio batere arazorik sortu.

Bigarren gola 69. minutuan heldu da azkenean. De la Bellak bikain errematatu du Gorosabelen erdiraketa bat, eta Gacevski atezainak ezin izan du ezer egin baloia gelditzeko.

Januzaj zelairatu denean, etxekoek aldea handitzeko aukera argia izan dute, baina Bautistak egin du hirugarrena. Vardarrek ez du gehiago eskaini, eta Realak ez du min gehiago egin nahi izan.

Garaipen horren ostean, txuri-urdinek 9 puntu dituzte, eta sailkapeneko bigarren postuan daude. Zenitek baino puntu bat gutxiago dute, eta urrats handia eman dute hurrengo faseari begira.

FITXA TEKNIKOA

Reala: Rulli; Gorosabel, Navas, iñigo Martinez, De la Bella; Zurutuza (Illarramendi, 45. min), Zubeldia, Canales; Oyarzabal (Januzaj, 70. min), Juanmi eta Willian Jose (Bautista, 61. min).

Vardar: Gacevski; Hambardzumyan, Novak, Grncarov, Glisic (Velkoski, 63. min); Markovic (Musliu, 64. min), Nikolov, Felipe; Barseghyan (Blazevski, 74. min), Jigauri eta Ytalo.

Golak: 1-0, 30. min: Juanmi. 2-0, 69. min: De la Bella. 3-0, 81. min: Bautista.