Itxi

Reala

LALIGA

Realak Kopako kanporaketa atzean utzi nahi du Atleticoren etxean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Donostiarren emaitzak Atleticoren etxean oso kaskarrak izan dira historian zehar, baita azken urteetan ere, bertan jokatutako azken lau norgehiagokak galdu egin baititu gol bakar bat ere egin gabe

  • Antoine Griezmannek bere talde ohiaren aurka jardungo du beste behin. Argazkia: EFE

    Antoine Griezmannek bere talde ohiaren aurka jardungo du beste behin. Argazkia: EFE

Bigarren B mailako Lleidaren aurka Errege Kopatik kanpo geratzeak taldean eragin dituen zalantza uneak usatzeko asmoz zelairatuko da Reala larunbat honetan Atletico Madrilen etxe berrian, Wanda Metropolitanon.

Gainera, txuri-urdinek Las Palmasen kontra berdindu zuten etxean azken jardunaldian, eta emaitza horrek jarraitzaileen haserrea eragin zuen, kopako hutsegite nabarmenak areagotu besterik ez duena egin.

Hartara, asteazkenean talde katalanaren aurka aritu zen hamaikakotik oso bestelakoa izango dena plazaratuko du Eusebio Sacristanek. Gero Rulli, David Zurutuza, Asier Illarramendi eta Mikel Oyarzabal, besteak beste, hasieratik aritzea espero da.

Aitzitik, txuri-urdinen entrenatzaileak ez ditu jokatzeko moduan izango Imanol Agirretxe, astean zehar arazo fisikoekin aritu den Adnan Januzaj eta bost txartel hori pilatu ostean partida bateko zigorra bete beharko duen Diego Llorente.

Alvaro Odriozolari, ordea, Ligako azken jardunaldian atera zizkioten txartel horietako bat kendu dio Lehiaketa Batzordeak, eta, horrenbestez, zelaian izateko aukera izango du.

Donostiarren emaitzak Atleticoren etxean oso kaskarrak izan dira historian zehar, baita azken urteetan ere, bertan jokatutako azken lau norgehiagokak galdu egin baititu gol bakar bat ere egin gabe.

Balizko hamaikakoak:

Atletico: Oblak; Thomas, Giménez, Godín, Filipe; Correa, Gabi, Saúl, Koke; Griezmann, Gameiro.

Reala: Rulli; Odriozola, Navas, Iñigo Martínez, Kevin; Illarramendi, Prieto, Zurutuza; Oyarzabal, Juanmi, Willian José.

Epailea: Jaime Latre (Aragoiko batzordea).

Futbol-zelaia: Wanda Metropolitano.

Ordutegia: 16:15