Itxi

Reala

2-1

Realak porrota jaso du Atletico Madrilen aurka, azken txanpan

Erredakzioa

Txuri-urdinek 2-1 galdu dute Wanda Metropolitano zelaian. Irabazten hasi da talde txuri-urdina Willian Joseren golarekin, baina Filipe Luisen eta Griezmannen golekin irauli du partida Atleticok.

  • Atletico Madril-Reala. Argazkia: EFE

    Correa eta Illarramendi Atletico Madril-Reala (2-1) partidan. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Atletico Madrilen aurka Wanda Metropolitano zelaian, 2-1eko emaitzarekin. Lehen zati bikaina jokatu dute txuri-urdinek eta aurrea hartu dute markagailuan, baina bigarren zatian etxeko taldea izan da nagusi eta emaitza iraultzea lortu du.

Hasierako minutak parekatuak izan dira, bi taldeak baloiaren jabetza nahi izan dutelarik. Lehen abisua Atletico Madrilek eman du 9. minutuan, baina Gameiro lokartu egin da area barruan eta jokaldia ezerezean geratu da. Lau minutu beranduago Realak oso abagune ona izan du; Thomasek kale egin du pasea ematerakoan, Xabi Prietok berreskuratu du baloia, pase bikaina eman dio Willian Joseri, eta honek gora bidali du jaurtiketa. Pixkanaka, talde txuri-urdina baloiaren jabe egin da, eta beste abagune argi bat izan du 19. minutuan. Jokaldi ona egin du talde gipuzkoarrak, Willian Josek hegaletik pase dotorea eman dio Xabi Prietori, bakarrik geratu da Oblaken aurrean eta atezainak kornerrera desbideratu du Prietoren errematea. Baloiaren jabe egin da Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldea Wanda Metropolitano zelaian eta nagusitasun horrek saria jaso du 29. minutuan; Oyarzabal area barruan sartu da, izkin egin dio Oblaki, atezainak penalti argia egin du, eta epaileak adierazi egin du. Penaltia Willian Josek jaurti eta 0-1ekoa sartu du. Gola jaso ostean etorri da Atletico Madrilen erantzuna. Koltxoneroek erasora jo dute berdinketaren bila, baina Correak birritan Rulli atezainarekin egin du topo. Realeko atezainak bi buruz-buruko atera dizkio Atleticoko aurrelariari. Reala pare bat aldiz iritsi da aurkariaren ate ingurura, baina ez dira fin ibili errematea bilatzerakoan.

Bigarren zatiaren hasieran Atletico Madril izan da nagusi eta Simeonek zuzentzen duen taldeak abagune bikaina izan du bigarren zatia hasi eta jarraian, baina Correak gora jaurti du Rulliren ate aurrean baloia bultzatzea besterik izan ez duenean. Neurketako 51. minutuan, epaileak baliorik gabe utzi du koltxoneroen gola, Godin jokoz kanpo egon baita. Atletico Madrilek ekinean jarraitu du, eta ekinak saria jaso du: 63. minutuan Saulek jokaldi bikaina egin, erdiraketa Filipe Luisi iristi zaio, eta honek sare barrura bidali du jaurtiketa (1-1). Golaren ostean, erantzun egin du Realak, baina Xabi Prietoren jaurtiketa gora joan da. Ordutik aurrera, berriro etxeko taldea izan da nagusi. Rulli atezainari lana pilatu zaio, eta 74. minutuan Atleticoren gola eragotzi du Torresen jaurtiketa desbideratuta eta Godinen bigarren errematea geldituta. Realak korner baten bitartez erantzun du, baina Zurutuzak sorbaladrekin egin duen errematea kanpora joan da. Partidako 80. minutuan Griezmannek kanpora bidali du abagune argia eta hurrengo jokaldian Willian Joseren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da aurkari batengan jo ostean. Joan-etorrikoa bilakatu da partida azken txanpan eta 87. minutuan Atletico Madrilek garaipenaren gola sartu du Griezmannen bitartez (2-1). Kokek erdiratu, Saulek buruz jo eta frantziarrak sare barrura bultzatu du baloia. Atletico Madrilen bigarren golaren ostean, Realak ez du berdinketa lortzeko denborarik izan eta porrota jaso du.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak; Thomas, Gimenez, Godin, Filipe; Griezmann (Augusto Fernandez, m. 90), Gabi, Saul, Koke; Correa (Carrasco, m. 70) eta Gameiro (Torres, m. 70).

1 - Reala: Rulli; Odriozola, Elustondo, Iñigo Martinez, Kevin Rodrigues; Zubeldia; Xabi Prieto (Canales, m. 70), Illarramendi, Zurutuza, Oyarzabal (Vela, m. 88); eta Willian Jose.

Golak: 0-1, m. 29: Willian Jose, penaltiz. 1-1, m. 64: Filipe Luis. 2-1, m. 88: Griezmann.

Epailea: Jaime Latre.

g> Jaime Latre.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala