Itxi

Reala

Sei denboraldi Realean

Carlos Velak agur esango dio Realari 'urterik onentsuenak' bertan igaro ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Aurrelari mexikarrak bere azken partida jokatuko du asteazkenean, Eusebiok hala erabakiz gero, urtarriletik aurrera MLS ligan (AEB) jokatzeari ekin aurretik.

  • Carlos Vela, Realarekin gol bat ospatzen. Artxiboko argazkia: EFE

    Carlos Vela, Realarekin gol bat ospatzen. Artxiboko argazkia: EFE

Carlos Vela aurrelari mexikarrak bere azken partida jokatuko du Realarekin datorren asteazkenean Sevillaren aurka, Eusebiok hala erabakitzen badu; izan ere, urtarriletik aurrera MLSko Los Angeles taldean arituko baita, Donostian sei denboralditan jokatu ostean.

Talde txuri-urdinari agur esan baino lehen, elkarrizketa bat eman dio klubaren webguneari, zeinetan, besteak beste, bere bizitzako "urterik onentsuenak" Realean pasa dituela aitortu duen.

"Mila gauza daramatzat nirekin batera. Neska-laguna eta semea bertokoak dira, eta hori zeharo esanguratsuan da nire bizitzarako. Hemen hasi da nire familiarteko bizitza", azaldu Velak.

Aitortu duenez, 2011n Donostiara heldu zenean, bertan urte bat edo bi emango zituela zeukan buruan, aurretiaz jokatu zuen gainerako beste taldeetan egin legez. Alabaina "eroso" sentitu eta "beste toki batzuetan ez bezalako gauzak" bizitzen hasi zen, beraz, gelditzea deliberatu zuen "inoiz hartu duen erabaki onenean".

Hori bai, onartu egin du hasiera batean zaila egin zitzaiola "apur bat itxiagoa" den euskal kulturara egitea eta "jendearen konfiantza" bereganatzea, baina behin lortuta, "guztia" eman ziotela.

"Behin euren konfiantzazko gunean sartuta, dena aldatzen da. Orduantxe konturatu nintzen hemen egon nahi nuela eta lekurik aproposena zela nire kirol ibilbidea zein bizitzak aurrera egin zezaten", ekarri du gogora mexikarrak.

Pozik azaldu da "Europan ez sartzea porrot gisa" ikusten den unean utziko duelako Reala, etorri zeneko egoerarekin oso bestelakoa dena.

Bere helmuga berriari dagokionez, azaldu du beti izan duela "Ameriketako Estatu Batuetan bizitzeko eta jokatzeko gogoa", bere herrialdetik gertuago baitago eta, modu horretan, Mexiko familia bisitatzeko erraztasun gehiago dituelako.

Baieztatu duenez, taldearen alde eman beharreko "guztia" emanda zuela iritzi zion une jakin batean, eta "aldaketa baten beharra" zuela.

"Anoetan garaipen batekin agurtzea" espero duen arren, garbi utzi du asteazkenean Sevillaren aurka gertatzen dena edozer izanik ere horrek ez duela "sei urte hauek ilunduko".

Zaleei eskerrak eman dizkie: "Guztiagatik, une zail eta onetan hor egoteagatik. Betirako izango dute leku bat nire bihotzean. Hau gero arte bat da".

Ostegunetik aurrera Realaren "beste jarraitzaile bat" izango dela gaineratu du.