Itxi

Reala

Lesioak

Xabi Prieto eta Hector Moreno, Salzburgorako deialditik kanpo

eitb.eus

Kapitainak igandean hartu zuen min, Levanteren kontrako penaltia jaurti zuenean; mexikarrak, berriz, ezin izan zuen astelehen honetako lan-saioa taldekideekin osatu.

  • Xabi Prieto, Levanteren aurka lesionatu ostean. Argazkia: EFE

    Xabi Prieto, Levanteren aurka lesionatu ostean. Argazkia: EFE

Realeko jokalari eta kapitainak, Xabi Prietok, 1. graduko lesioa dauka eskuin gerriko aduktore luzeko giharrean.

Klubak astelehen arratsaldean jakitera eman zuenaren arabera, jokalariak atsedena, analgesikoak eta fisioterapia hartuko ditu suspertzen saiatzeko. Plazaratutako oharrean ez zen inongo sendatze-eperik aurreratzen, izan ere, "sintomen eboluzioaren araberakoa izango da".

Prietok mina sentitu zuen igandean jokatutako partidan penaltia jaurti ostean, eta Sergio Canales atera zen haren ordez.

Bestalde, Hector Moreno atzelari mexikarrak ezin izan zuen astelehen honetako lan-saio osoa taldekideekin batera egin, ezkerreko ipurmasailean min hartu baitzuen.

Moreno ez zen Levanteren aurkako partida jokatzeko deialdian sartu, eta nahiz eta entrenamendua bere kideekin batera hasi zuen, aurretik utzi behar izan zuen.

Egin zaion erresonantzia magnetikoan ikusi ahal izan denez, 1 graduko lesioa ikusi da ezker gerriko barne obturadore giharrean.

Salzburgorako deialditik kanpo

Hartara, aipatutako jokalari biak ez dira sartu Eusebio Sacristan Realeko entrenatzaileak Salzburgora bidaiatzeko jakitera eman duen deialdian. Eusebiok jokatzeko moduan dauden gainerako jokalari guztiak deitu ditu (guztira 21); horrenbestez, Prieto eta Morenorekin batera etxean geratu diren jokalariak Carlos Martinez eta Willian Jose dira.