Itxi

Reala

2-1

Realak porrota jaso du Valentziaren aurka, gehiago merezi izan duen arren

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 2-1 galdu du Mestallan. Santi Minak sartu ditu etxeko taldearen bi golak eta Oyarzabalek sartu du Realaren gola.

  • Valentzia-Reala. Argazkia: EFE

    Santi Mina Realari sartutako bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 2-1 galdu du Valentziaren aurka Mestallan. Talde txuri-urdinak ez du porrota merezi izan, baina defentsan egindako akatsek eta aurkariaren ate aurrean ez asmatzeak eragin dute Eusebiok zuzentzen duen taldearen porrota.

Partida hasieran, Reala izan da baloiaren jabe, baina sakontasuna falta izan zaio Valentziaren defentsari arazoak sortzeko. Marcelinok zuzentzen duen taldeari kosta egin zaio Realari baloia kentzea, eta ez da eroso ibili. Hala ere, Valentziak ondo egin du presioa, eta pare bat susto eman ditu Realari baloia lapurtu ostean. Abagune gutxi izan dituzte bi taldeek lehen zatian. Parejok jaurti duen falta bat izan da aukera onena, baina Toñok ondo desbideratu du jaurtiketa. Partidaren 34. minutuan, Valentziak ondo lotu du jokaldia, eta Santi Minak 1-0ekoa sartu du, Montoyaren erdiraketa baliatuta. Golaren ostean, erasora jo du etxeko taldeak, baina ez du abagune argirik sortu.

Bigarren zatiaren hasieran, Reala izan da nagusi berriro. Erasokorrago zelairatu da talde txuri-urdina, eta min egin dio Valentziari. Eusebiok zuzentzen duen taldeak saria jaso du 53. minutuan; Canalesek bikain eraman du baloia, pase ona eman du, eta Oyarzabalek neurketa berdindu du (1-1). Gola bikain etorri zaio Realari, eta Valentziak une larriak izan ditu. Hala ere, etxeko taldeak erasoko jokaldi on bat antolatu du 67. minutuan, Toñok ez du baloia harrapatu, eta Santi Minak 2-1ekoa sartu du, atezainaren hutsa baliatuta. Valentziaren bigarren gola mingarria izan da Realarentzat, baina txuri-urdinek ez dute etsi, eta berdinketaren bila jo dute. Partidako 79. minutuan, abagune bikoitza eta oso argia izan du Donostiako taldeak. Canalesek jaurtitako falta marra gainetik atera du Neto atezainak, eta aldaratzean Bautsitak egin duen errematea oso gutxigatik ez da ate barruan sartu, Netok ukondoarekin atera baitu, jokaldiari bizkarra ematen zegoen arren. Azken minutuetan, Reala bigarren gola sartzen saiatu da, baina Valentziak eutsi egin dio gol bateko abantailari eta garaipena eskuratu du.

Fitxa teknikoa:

2 - Valentzia: Neto, Montoya, Gabriel Paulista, Murillo, Gaya, Carlos Soler (Zaza, 66. min), Coquelin, Parejo, Guedes (Ferran Torres, 73. min), Santi Mina eta Rodrigo (Maksimovic, 80. min).

1 - Reala: Toño, Odriozola, Aritz, Llorente, De la Bella, Zurutuza (Bautista, 78. min), Illarra, Zubeldia, Canales, Juanmi (Januzaj, 68. min) eta Oyazabal.

Golak: 1-0, 34. min: Santi Mina. 1-1: 53. min: Oyarzabal. 2-1, 67. mi: Santi Mina.

Epailea: Gonzalez Fuertes.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala