Itxi

Reala

5-0

Realak erakustaldia eman du Gironaren aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 5-0 irabazi dio talde kataluniarrari. Canalesek sartu du lehen gola, Januzajek egin du bigarrena, Oyarzabalek sartu ditu hirugarren eta laugarren golak eta Juanmik, bosgarrena.

  • Reala-Girona (5-0). Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak Gironari sartutako 5 goleako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 5-0 irabazi dio Gironari Anoetan. Erakustaldia eman du talde txuri-urdinak, aurkariak baino askoz hobeto jokatu du, eta merezitako garaipena eskuratu du. Imanol Alguacil entrenatzaileak lehen partida zuzendu du Anoetan, eta zaleak oso pozik utzi ditu.

Erasokor ekin dio neurketari Realak, eta hasieratik jakinarazi dio Gironari hiru puntuak nahi zituela. Adnan Januzajek eman du abisua lehen minutuan, eta Canalesek 1-0ekoa sartu du 11.ean. Golak min egin dio aurkariari, eta Realak baloiaren jabe izaten jarraitu du. Girona ezinean ibili da. Pablo Machinek zuzentzen duen taldea saiatu da abaguneak sortzen, baina Reala sendo ibili da defentsako lanean. Neurketako 35. minutuan, bigarren gola sartu du Realak; Ruben Pardok pase bikaina eman dio Januzaji, eta honek egin du 2-0ekoa. Dena ondo joan da Realarentzat lehen zatian, baina 44. minutuan Moya atezainak min hartu du eta zelaia utzi behar izan du lesionatuta. Toño Ramirezek ordezkatu du atsedenaldia iritsi baino lehen.

Gironak aldeak murrizteko helburuarekin ekin dio bigarren zatiari, eta Realak lan egin behar izan du defentsan. Gironak 60. minutuan izan du gola sartzeko abagune argia, baina Stuanik ez du asmatu Toño Ramirez atezainaren aurrean bakarrik geratu denean. Ondoren, epaileak baliorik gabe utzi du Willian Josek sartutako gola, jokoz kanpo egon delako. Realak kontrolpean izan du partida, eta lehia erabakita utzi du 71. minutuan Oyarzabalen bitartez markagailuan 3-0ekoa jarrita. Neurketa erabakita zegoen, baina Realak festa biribildu du 85. minutuan Oyarzabalek sartu duen golarekin (4-0) eta 88. minutuan Juanmik sartu duen 5-0ekoarekin.

Fitxa teknikoa:

5.- Reala: Moya (Toño Ramirez, 44. min); Elustondo, Navas, Hector, Kevin; Zubeldia, Ruben Pardo (Zurutuza, 64. min), Canales; Oyarzabal, Januzaj (Juanmi, 78. min) eta Willian Jose.

0.- Girona: Bounou; Juanpe, Bernardo, Ramalho; Mojica, Granell, Pere Pons (Aleix Garcia, 68. min),  Maffeo ( Aday Benitez, 68. min); Portu (Soni, 77. min), Borja Garcia, eta Stuani.

Golak: 1-0, 11. min: Canales. 2-0, 35. min: Januzaj. 3-0, 71. min: Oyarzabal. 4-0, 85. min: Oyarzabal. 5-0, 88. min: Juanmi.

Epailea: Munuera Montero.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala