Itxi

Reala

Porrota, Malagan

Realak azken sailkatuaren etxean galdu du (2-0)

Agentziak | Erredakzioa

Donostiarrek partida oso txarra jokatu dute La Rosaledan eta Malaga erraz gailendu da Adrianek eta En-Nesyrik lehen zatian egindako golei esker.

  • Odriozola eta Chory Castro. Argazkia: Efe.

    Odriozola eta Chory Castro. Argazkia: Efe.

Aurreko jardunalditik Bigarren Mailan dagoen Malaga 2 eta 0 gailendu zaio Realari La Rosaledan jokatutako partidan. Donostiarrek agur esan diete Europan jokatzeko zituzten aukera apurrei.

Oso jende gutxi bildu da La Rosaledan, andaluziarrek maila galdu dutela konfirmatu ostean. Imanolek talde andaluziarrean aritutako bi jokalari zelairatu ditu: Diego Llorente zentrala eta Juanmi aurrelaria.

Lehenego 10 minutuetan ez da ezer gertatu, Malagak korner bat atera duen arte. Donostiarrek oso txarto babestu dute euren area eta Luis Hernandezek baloia Adriani utzi dio, erdilariak jaurti eta Rulliren ate barruan sartzeko.

Markagailua alde izan dutenez, andaluziarrek defenditzeari ekin diote eta baloiaren jabetza Realari utzi dio.

Txuri-urdinak arrisku gehien sortzen hasi direnean, etxeko taldeak bigarren gola egin du: Chory Castrok ezkerreko hegaletik erdiratu du eta En-Nesyriren jaurtiketa barrura joan da.

Bigarren zatian, Realak gehiago izan du baloia hanketan Malagak baino, baina erritmo eta ideiarik gabe.

Zurutuzak eta Canalesek gola egiteko aukerak izan dituzte, baina azken metroetan ez dute asmatu.

Azkenean, garaipena Malagan geratu da. Datu esanguratsu bat eman du partidak: Realeko jokalariek ez dute falta bakar bat ere egin.

 

Fitxa teknikoa

2 - Malaga: Roberto; Rosales, Luis Hernández, Ignasi Miquel, Torres (Diego González, 52. min); Lestienne (Ideye, 77. min), Lacen, Iturra, 'Chory' Castro (Keko, 46. min); Adrián eta En-Nesyri.

0 - Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Héctor Moreno, Kevin Rodrigues; Januzaj, Zubeldia (Illarramendi, 74. min), Zurutuza (Oyarzabal, 60. min), Juanmi; Canales, Agirretxe (Willian José, 46. min).

Golak: 1-0, 10. min: Adrián. 2-0, 34. min: En-Nesyri.