Itxi

Reala

Europa, ia eziznezko

Realak ezin izan du Sevilla garaitu Caparrosen itzuleran (1-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Etxekoek bigarren zatia hasi eta berehala sartu dute partidako gol bakarra, Banegak penaltiz erdietsi duena.

  • Zurutuza eta Odriozola Nzonzirekin baloi baten borrokan. Argazkia: EFE

    Zurutuza eta Odriozola Nzonzirekin baloi baten borrokan. Argazkia: EFE

Sevillak 1-0 irabazi dio Realari, Joaquin Caparros entrenatzailea talde andaluziarraren aulkira itzuli den egunean, 13 urteren ondoren. Horrenbestez, Sevillarrek Europara sailkatzeko aukerari heldu diote berriro; aitzitik, Realak ia ezinezkoa dauka, Sevillak 5 puntu ateratzen baitizkio bi jardunaldiren faltan (andaluziarrek, gainera, partida bat gehiago jokatu behar dute: atzeratutako Real Madrilen aurkakoa).

Ligan zazpi partida jarraian irabazi gabe zeramatzan Sevillak sufritutako garaipena lortu du ostiral honetan, eta lehendabiziko zatian egindako lanean oinarritu du, batez ere. Haatik, gola bigarren zatiari ekin eta berehala etorri da, Ever Banegak sartu duen penalti baten bitartez.

Hortik aitzinean, baina, Reala izan da nagusi zelai gainean, baina eraginkortasuna falta izan zaio.

Norgehiagokaren azken txanpan, Caparrosen taldea nekatuta zegoen eta donostiarren jokoa suntsitzea beste asmorik ez du agertu. Hartara, Imanolen taldeak agindu du tarte horretan, eta aurrera begirako aldaketek (Juanmi eta Bautistaren zelairatzea) mesede egin diote taldeari.

Dena den, behin eta berriz saiatu diren arren, ez dute David Soriaren atea zulatzerik lortu, nahiz eta aukera argiak izan: besteak beste, Canalesek gutxigatik kanpora bidali duen falta jaurtiketa; Juanmiri area barruan Soriaren eta Mercadoren artean kendu dioten baloia; edota Bautistak buruz egin duen errematea. Alabaina, azkenerako puntuak Sevillan geratu dira.

Fitxa teknikoa:

Sevilla 1: David Soria; Layun, Mercado, Lenglet, Escudero; Nzonzi, Roque Mesa (Geis, 79. min); Sarabia (Franco Vazquez, 87. min), Ever Banega, Nolito (Correa, 69. min); eta Sandro.

Reala 0: Moya; Odriozola, Llorente, Raul Navas, De la Bella (Rodrigues, 89. min); Illarramedi, Zurutuza; Januzaj (Juanmi, 67. min), Canales, Oyarzabal (Bautista, 81. min); eta Willian Jose.

Golak: 1-0, 47. min: Banega, penaltiz.

Epailea: Santiago Jaime Latre. Txartel horiak: Layun, Banega, Sarabia eta Mercado (Sevilla); Zurutuza eta Willian Jose (Reala).