Itxi

Osasuna

Iskanbila

Osasunak epaitegietan salatu du 2,4 milioi euro desagertu direla

Erredakzioa

Klubak ateratako komunikatuaren arabera, asteazkenean Futbol Liga Profesionaleko ikuskaritza jaso ostean, zuzendaritzak batzarra egin eta salaketa aurkeztea erabaki du.

  • Miguel Archanco, Osasunako presidente ohia. Efe.

    Miguel Archanco, Osasunako presidente ohia. Efe.

Osasunako zuzendaritzak salaketa aurkeztu du guardiako epaitegian klubaren kontuetatik desagertutako 2,4 milioi euroen harian. Diru falta hori Futboleko Liga Profesionalak klubari bidalitako ikuskaritzan agertzen da.

Talde gorritxoak ateratako komunikatuan azaltzen duenez, ikuskaritzaren txostena asteazkenean jaso zuten eta jarraian zuzendaritzak bilera egin zuen. Batzar horretan, zuzendaritzako kideek epaitegietan salaketa jartzea adostu zuten, txostenaren arabera ez baitago batere argi "falta den dirua zergatik atera zen eta zertarako erabili zuten".

Kirol Kontseilu Nagusia eta Futbol Liga Profesionala Osasuna ikertzen ari dira aurreko denboraldian ustez diruarekin operazio irregularrak egiteagatik eta partidak erosteko susmoagatik, tartean, Espanyolen aurka azken aurreko jardunaldian jokatutakoa. Talde nafarra bigarren mailara jaitsi zen.

Pedro Baile Osasunako zuzendaritzako kide eta bozeramaileak esan du, salaketa "erakundea bera, bazkideak eta hondasuna babesteko" jarri dutela.

"Osasuna eta bazkideak defendatzeko"

Halaber, Osasuna "biktima" dela azpimarratu du, eta zuzendaritzaren betebeharretako bat "Osasunaren eta bere bazkideen alde egitea" dela adierazi du.

Hori dela era, Futbol Liga Profesionalaren txostena jaso eta jarraian "pausu hori ematea" erabaki dute, Beileren arabera: "Ikuskaritza posta elektroniko bidez iritsi zitzaigun atzo, eta goizeko lehen orduan epaitegietan izan gara; lehenengo fiskaltzan, eta gero guardiako epaitegian", azaldu du.