Itxi

Osasuna

Osasuna auzia

Patxi Izco, Juan Pascual eta Diego Maquirriain atxilotu dituzte

EITB.EUS

Atxilotutako sei zuzendari ohien deklarazioak 23:00ak aldera bukatu dira. Auzian pertsonatu diren alde guztietako abokatuei deklarazioetan izateko baimena eman die Fermin Otamendi epaileak.

1:49

Patxi Izco Osasunako presidente ohia, Juan Pascual bere garaian presidenteorde zena eta Diego Maquirriain Osasuna Fundazioko zuzendaria atxilotu egin dituzte, goizean komisariara joan eta Poliziaren galderei erantzun ostean.

Hiru horiek 11:30ean atera dira Espainiako Poliziak Iruñean duen komisariatik. Haien aurretik, ostegunean atxilotutako beste hirurak atera dira: Miguel Archanco presidente ohia, eta Jesus Maria Peralta (Archancoren bigarrena) eta Angel Vizcay zuzendaritzako kide ohiak. Guztiak Justizia Jauregira eraman dituzte aurreko zuzendaritzaren garaian izandako ustezko irregulartasun ekonomikoen inguruko azalpenak eman ditzaten.

Sei zuzendari ohien deklarazioak 23:00ak aldera bukatu dira. Miguel Archanco presidente ohia azkena izan da. Fermin Otamendi epaileak kautelazko neurriak hartu ala ez gauean erabaki beharko du orain.

Archancoren deklarazioak ordubete eta 45 minutuko iraupena izan du. Patxi Izco Osasunako beste presidente ohiak lehenago deklaratu du. Izcoren aitortzak 30 minutuko iraupena izan du.

Auzian pertsonatu diren alde guztietako abokatuei deklarazioetan izateko baimena eman die epaileak. Horrela, sei inputatuen abokatuez gain, Osasunako (akusazio partikularra) eta Futbol Liga Profesionaleko letraduak eta guardiako fiskala bertan izan dira.

Osasuna, akusazio gisa

Luis Sabalza Osasunako egungo presidentea Iruñeko Justizia Jauregian izan da kluba 'Osasuna auzian' akusazio bezala aurkezteko.

Sabalza 12:40ean iritsi da Justizia Jauregira Pedro Baile zuzendaritzako kidearekin batera. Bertan dauden kazetariei auzian akusazio gisa aurkezteko joan direla esan diete, beste barik.

Gertatzen ari denarekin kezkatuta dagoen galdetu diotenean, Sabalzak erantzun du: "Noski, kontrakoa zentzugabekeria litzateke".

2,4 milioi, desagertuta

Iruñeko 2. zenbakiko Instrukzioko Epaitegiko arduradunak hirurak atxilotzeko agindua eman zuen atzo, Osasunako kontutik modu irregularrean ateratako 3,7 milioiak zertan erabili zituzten argitu nahi du; izan ere, horren esanetan, Osasunako aurreko zuzendaritzari diru horretaz bidegabe jabetu, delitu sozietarioa egin eta dokumentuak faltsutu izana leporatu ahal zaie.

Hirurek Polizia Nazionalaren Iruñeko polizia-etxean igaro dute gaua. Atzo, Poliziaren aurrean deklaratu zuten, eta hiruren etxeak miatu zituzten.

Bestalde, partiden emaitzak aurretik adostuta ustez egindako iruzurragatik kereila aurkeztu du Futbol Profesionaleko Ligak (LFP). Ustelkeria izan zen eta Osasunaren diruaz bidegabe jabetu ziren ikertuko du Iruñeko epaitegiak. Kereila otsailaren 26an aurkeztu zuen LFPk. Osasunako zuzendaritzako kide ohi horiek ustez egindako irregulartasun ekonomikoen auziarekin batera ikertzea erabaki du epaileak.

Filtrazioak

Auzia sekretupean badago ere, Futbol Profesionaleko Ligak jarritako kereilaren inguruko hainbat xehetasun zabaldu ditu SER irrati-kateak.

Besteak beste, Patxi Puñal eta Damia Abella jokalarien testigantzak eskatu ditu elkarte horrek, baita Espanyoleko jokalari batena ere.

Osasunako aurreko zuzendaritzaren aurka jarri du Futbol Profesionaleko Ligak kereila. Arcancho, Juan Pascual Leache, Jesus 'Txuma' Peralta eta Tomas Lopez Felipe aipatu dituzte bertan, eta Angel Vizcay salaketatik kanpo utzi dute.

Betis, Espanyol, Valladolid eta Getafe taldeak inplikatu ditu auzian Angel Vizcay presidente ohiak, SER katearen arabera. Jokalarien artean, Puñal eta Abellarekin batera, Jordi Figueras, Antonio Amaya eta Sergio Garcia ere ageri dira kereila horretan.

Vizcayk berak Futbol Profesionaleko Ligaren aurrean aitortu zuenez, Osasunak 150.000 euro eskaini zizkion Valladolidi 2012/13 denboraldian, beste 150.000 euro Betisi eta 400.000 euro Getaferi.

2013/14 denboraldian, berriz, Espanyolekin berdinketa adostu zutela adierazi du Vizcayk, eta ordainean 250.000 euro eman zizkion Osasunak talde horri. Betisi, aldiz, 650.000 euro eman zizkion, bi partida irabaztearen truke.

Rafael Entrena Espanyoleko bozeramaileak otsailean esandakoa errepikatu du Kataluniako taldeak. Horrela, partiden iruzurrean inolako inplikaziorik izan ez duela adierazi du Espanyolek.

Bestalde, “deliturik sekula egin ez” duela adierazi du Sergio Garcia Espanyoleko aurrelariak agiri batean.

 

atean.