Itxi

Osasuna

Osasuna auzia

Espetxealdia Peraltarentzat eta 500.000 euroko bermea Archancorentzat

Erredakzioa

Biak Iruñeko espetxean sartu dira arratsaldeko laurak aldera. Epailearen erabakiak bat egiten du Profesionalen Futbol Ligak (LFP) egindako eskariarekin.

  • Miguel Archanco Osasunako presidentea. Argazkia: EFE

    Miguel Archanco Osasunako presidentea. Argazkia: EFE

Epaileak baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri dio Txema Peralta Osasunako zuzendaritzako kide ohiari eta 500.000 euroko bermea, berriz, Miguel Archanco presidente ohiari.

Archanco eta Peralta Iruñeko espetxean sartu dira arratsaldeko laurak jota

Fermin Otamendi Iruñeko 2. zenbakiko instrukzio epaitegiko epailea Osasunaren diru kutxatik iaz atera zituzten 2,4 milioi euroak zertarako erabili zituzten eta balizko futbol partiden salerosketa ikertzen ari da.

Epailearen erabakiak bat egiten du Profesionalen Futbol Ligak (LFP) gaur eskatutako behin behineko neurriekin.

Epaileak luzatu egin zuen ostiralean Miguel Archanco Osasunaren presidente ohiaren eta Txema Peralta Zuzendaritzako kide ohiaren atxiloaldia. Beste zuzendaritzako lau kide ohi, berriz, libre utzi zituen, karguekin, Osasunaren 2,4 milioirekin zer egin zuten argitu ez dutelako eta hainbat partidutan iruzur egitea leporatuta.

Fermin Otamendi epaileak deklarazioa hartu zien egun osoan, Archancori eta Peraltari ez ezik, Patxi Izco presidente ohiari, Juan Pascual horren presidenteorde ohiari, Angel Vizcay gerente ohiari, eta Diego Maquirriain Fundazioaren zuzendariari.

Vizcayk epaitegitik atera zenean azaldu zuenez, "datu garrantzitsua da Futbol Liga Profesionalak nire kontra eta Osasunaren kontra kereilarik aurkeztu ez izana".

Izco eta Pascual, berriz, gauerdia baino lehentxeago atera ziren Iruñeko Justizia Auzitegitik, abokatuak alboan zituztela, eta geroago atera zen Maquirriain. Ez zute adierazpenik egin nahi izan.

Deklarazioa hartu zietenean, auzian dauden alde guztien abokatuak lekuko izan ziren; beraz, sei akusatuen abokatuez gain, Osasunarena (akusazio partikularra), Futbol Liga Profesionalarena, eta guardiako fiskala izan ziren bertan.

Osasuna, akusazio gisa

Luis Sabalza Osasunako egungo presidentea Iruñeko Justizia Jauregian izan zen ostiralean kluba 'Osasuna auzian' akusazio bezala aurkezteko.

Sabalza 12:40ean iritsi zen Justizia Jauregira Pedro Baile zuzendaritzako kidearekin batera. Bertan zeuden kazetariei auzian akusazio gisa aurkezteko joan zirela esan zien, beste barik.

Gertatzen ari denarekin kezkatuta dagoen galdetu ziotenean, Sabalzak erantzun zuen: "Noski, kontrakoa zentzugabekeria litzateke".

2,4 milioi, desagertuta

Iruñeko 2. zenbakiko Instrukzioko Epaitegiko arduradunak hirurak atxilotzeko agindua eman zuen ostegunean, Osasunako kontutik modu irregularrean ateratako 3,7 milioiak zertan erabili zituzten argitu nahi du; izan ere, horren esanetan, Osasunako aurreko zuzendaritzari diru horretaz bidegabe jabetu, delitu sozietarioa egin eta dokumentuak faltsutu izana leporatu ahal zaie.

Hirurek Polizia Nazionalaren Iruñeko polizia-etxean igaro zuten gaua. Ostegunean, Poliziaren aurrean deklaratu zuten, eta hiruren etxeak miatu zituzten.

Bestalde, partiden emaitzak aurretik adostuta ustez egindako iruzurragatik kereila aurkeztu du Futbol Profesionaleko Ligak (LFP). Ustelkeria izan zen eta Osasunaren diruaz bidegabe jabetu ziren ikertuko du Iruñeko epaitegiak. Kereila otsailaren 26an aurkeztu zuen LFPk. Osasunako zuzendaritzako kide ohi horiek ustez egindako irregulartasun ekonomikoen auziarekin batera ikertzea erabaki du epaileak.

Filtrazioak

Auzia sekretupean badago ere, Futbol Profesionaleko Ligak jarritako kereilaren inguruko hainbat xehetasun zabaldu ditu SER irrati-kateak.

Besteak beste, Patxi Puñal eta Damia Abella jokalarien testigantzak eskatu ditu elkarte horrek, baita Espanyoleko jokalari batena ere.

Osasunako aurreko zuzendaritzaren aurka jarri du Futbol Profesionaleko Ligak kereila. Arcancho, Juan Pascual Leache, Jesus 'Txuma' Peralta eta Tomas Lopez Felipe aipatu dituzte bertan, eta Angel Vizcay salaketatik kanpo utzi dute.

Betis, Espanyol, Valladolid eta Getafe taldeak inplikatu ditu auzian Angel Vizcay presidente ohiak, SER katearen arabera. Jokalarien artean, Puñal eta Abellarekin batera, Jordi Figueras, Antonio Amaya eta Sergio Garcia ere ageri dira kereila horretan.

Vizcayk berak Futbol Profesionaleko Ligaren aurrean aitortu zuenez, Osasunak 150.000 euro eskaini zizkion Valladolidi 2012/13 denboraldian, beste 150.000 euro Betisi eta 400.000 euro Getaferi.

2013/14 denboraldian, berriz, Espanyolekin berdinketa adostu zutela adierazi du Vizcayk, eta ordainean 250.000 euro eman zizkion Osasunak talde horri. Betisi, aldiz, 650.000 euro eman zizkion, bi partida irabaztearen truke.

Rafael Entrena Espanyoleko bozeramaileak otsailean esandakoa errepikatu du Kataluniako taldeak. Horrela, partiden iruzurrean inolako inplikaziorik izan ez duela adierazi du Espanyolek.

Bestalde, ?deliturik sekula egin ez? duela adierazi du Sergio Garcia Espanyoleko aurrelariak agiri batean.