Itxi

Osasuna

Berdinketa Sabadellen

Osasunak mailari eutsi dio, azken hasperenean (2-2)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Gorritxoek luzapenean berdindu dute galduta zuten partida. Ordura arte, Racingek Albaceten lortutako garaipenak Bigarren B mailara bidaltzen zituen nafarrak.

1:25

Osasunak azken haspenera arte itxaron du datorren urtean Bigarren Mailan jokatzen jarraituko duela ziurtatzeko. Javier Flañok egin du berdinketaren gola Sabadellen, partidako luzapenean. Ordura arte, gorritxoak Bigarren B mailara jaitsi behar zuten, Racingek Albaceten lortutako garaipenak behartuta.

Partida aldapan gora jarri zaie nafarrei hasieratik, izan ere, Sabadellek gola egin du 6. minutuan, Collantesen bidez. Kataluniarrek ez zuten ezertxo ere jokoan, aurreko jardunaldian maila galdu baitzuten.

Kolpea izan da gorritxoentzat, eta bigarrena handik gutxira iritsi da. 18. minutuan, Anibalek gola egin du, baloia buruz errematatuta. Osasuna urduri aritu da, galduta, eta mailari eustea gero eta urrutiago zeukan.

Ondorengo minutuetan, Sabadellek hirugarrena egiteko pare bat aukera garbi izan ditu, baina Asier Riesgo bikain aritu da atepean. Epaileak, gainera, ez du etxekoen arean izandako penalti argi bat adierazi.

Bigarren zatian, gauzek hobera egin dute. 77.ean, Dani Garciak aldea murriztu du markagailuan, eta itxaropena piztu du iruindarren artean.

Amaiera zirraragarria

Partida amaitzear zela, Osasunak aurrera jo du, erasora, jo eta ke, eta ahaleginak saria izan du luzapenean. Javier Flañok nafarren bigarrena egin eta taldeak mailari eustea ziurtatu du. Norgehiagokak luze jo du, hainbat zale berdegunera sartu direlako epaileak amaiera adierazi baino lehen.

Azkenean, bina Nova Creu Alta zelaian, eta Osasunak Bigarren Mailan jarraituko du datorren denboraldian ere.

Fitxa teknikoa:

2 - Sabadell: De Navas; Cristian, Carlos Hernández, Kiko Olivas (Kiko Olivas, 42. min), Clerc; Yeray; Pol Roigé (Marcos García, 80. min), Collantes, Eguaras (Longás, 70. min), Gato; eta Aníbal.

2 - Osasuna: Riesgo; Miguel Flaño, David García, Vujadinovic (Cedrick, 19. min); Echaide (Merino, 55. min), Raoul Loé, Javier Flaño; Sisi, Roberto Torres (Álex Berenguer, 73. min), Merino; eta Nino.

Golak: 1-0, 6. min: Collantes. 2-0, 17. min: Aníbal. 2-1, 77. min: David García. 2-2, 91. min: Javier Flaño.

: Javier Flaño.