Itxi

Osasuna

''Zantzu sendoak''

Archancok dirua bidegabe erabiltzea baimendu zuen, epailearen arabera

Agentziak | Erredakzioa

Ikerketak ondorioztatu duenez, Osasunaren kutxatik "diru kopuru handiak" atera zituzten "kirol ustelkeriarekin lotutako delitu bat edo gehiago egiteko".

  • Miguel Archanco, Osasunako presidente ohia. Efe.

    Miguel Archanco, Osasunako presidente ohia. Efe.

Fermin Otamendi Iruñeko 2 zenbakiko Instrukzioko epaileak ostiral honetan aditzera emandako autoaren arabera, Miguel Archanco Osasunako presidente ohiak klubeko ondasunak "bidegabe eta delituzko ekintzetan" erabiltzeko "agindua edo baimena" eman zuen. Hori da, besteak beste, Osasuna auziaren ikerketak eman duen ondorioetako bat. Ondasun horiek "kirol ustelkeriarekin" lotutako ekintzetan erabili ziren eta hori guztiaren "zantzu sendoak" antzeman ditu ikerketak Archancoren jokaeran.

Archancoren semeak ondasunen bahituraren aurka jarritako errekurtsoa baztertu du magistratuak. Osasuna auzian, klubeko kontuetatik 3,2 milioi euroren desbideratzea ikertzen ari dira.

Epailearen arabera, presidente ohiak "diru kopuru handiak" ateratzeko agindua eman zuen, ustelkerietan erabiltzeko eta horren "zantzu sendoak, argiak eta eztabaidaezinak" daude. Halaber, Archancok ez duen zuzendaritzako beste kide batzuek Osasunaren diruarekin geratzea galarazi, eta diruaz bidegabe jabetzea ere delitua da.

Ekintza "oso larria"

Halaber, epaileak azpimarratu egin du presidenteak kontuen faltsutzea agindu edo onartu zuela, desbideratutako diru kopurua estaltzen saiatzeko. Hori Ogasun Publikoaren aurkako delitua edo dirua zuritzea izan daitekeela gaineratzen du epaileak bere autoan.

Epaileak berak dioenez, "ekintza oso larriak dira", eta ez bakarrik jaso dezaketen zigorrengatik eta delituen aniztasunagatik, Osasunak Nafarroan duen garrantziagatik ere. Izan ere, Osasuna "joko garbiaren adibide" izan zen Espainiako futbolean, eta orain, delitu horien ondorioz, “zuloaren hondora” jausi delako.