Itxi

Osasuna

2-0

Osasunak Deporren aurka galdu eta azken postuan amaitu du urtea

Erredakzioa

Gorritxoek 2-0 galdu dute Riazorren. Aurkaria nagusi izan da hasieratik amaierara arte eta Gaizka Garitanoren taldeak merezitako garaipena lortu du. Seitik sei porrot, Caparros entrenatzaile denetik.

  • Florin Andone. Argazkia: EFE

    Florin Andone, Osasunari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak 2-0 galdu du Deportivoren aurka Riazorren eta LaLigako sailkapeneko azken postuan agurtu du 2016. urtea. Joaquin Caparros entrenatzaile denetik orain arte jokatu dituen partida guztiak galdu ditu talde gorritxoak; bost Ligan eta bat Errege Kopan.

Hasieratik jaun eta jabe izan da Deportivo eta Osasuna ezinean ibili da. Seigarren minutuan eman du lehen abisua Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak Babelen erremate baten bitartez eta Nauzet atezainak gola eragotzi du gelditu ikusgarria eginda. Hurrengo jokaldian, 7. minutuan, Andonek area barruan errematea egin eta 1-0ekoa sartu du. Gola hartu ostean Osasunak ez du erantzunik izan eta Deportivok aldeak handitzeko abaguneak izan ditu: 21. minutuan Babelen jaurtiketa gora joan da, eta 28. minutuan Andonek egin duen errematea gutxigatik kanpora joan da. Osasunak lehen zatian izan duen abagune bietako bat 31. minutuan izan da Fran Meridak egin duen jokaldi on baten bitartez, baina kanpora bidali du jaurtiketa. Abagune honek ez du Caparrosek zuzentzen duen taldea suspertu eta Galiziako taldeak jarraitu du baloiaren jabe izaten. Atsedenaldira iritsi orduko Deportivok bigarren gola sartu du Babelen bitartez (2-0). Carles Gilen jokaldi bikainari amaiera bikaina eman dio Babelek. Bigarren gola jaso eta jarraian Osasunak aldeak murrizteko aukera izan du, baina Tytonek erantzun ona eman dio De las Cuevasen jaurtiketa onari eta gorritxoen gola eragotzi du.

Bigarren zatia uste baino beranduago hasi da Riazorren argia joan egin delako. Argia itzuli denean, ordea, ez da partidaren gidoia aldatu. Hasierako txanpan Osasuna aldeak murrizteko gogoekin zelairatu da, eta David Garciaren erremate baten bitartez izan du abagunea; errematea, ordea, gora. Deportivok Babelen jaurtiketa batekin erantzun du, baina Deporrek ez du asmatu. Osasunaren abagune onena 68. minutuan iritsi da: Sergio Leonek irrist egin du, eta ez da errematea egiteko gai izan. Jarraian, Deportivok lehia guztiz erabakita utzi ahal izan du, baina Nauzetek gola eragotzi du Colaken erremateari erantzun bikaina emanda. Azken minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu eta hiru puntuak Deportivok eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Deportivo: Tyton; Juanfran, Albentosa, Sidnei, Navarro; Borges, Guilherme; Carles Gil (Bruno Gama, min.71), Çolak, Babel (Marlo Moreno, min.90); eta Florin Andone (Joselu, min.80).

0 - Osasuna: Nauzet Perez; Berenguer, Tano, David Garcia, Ivan Marquez, Clerc; De las Cuevas (Kenan Kodro, min.72), Roberto Torres, Causic, Fran Merida (Riviere, min.46); eta Sergio Leon.

Golak: 1-0, min.7: Andone. 2-0, min.42: Juanfran.

Epailea: Sanchez Martinez.

artinez.