Itxi

Osasuna

1-3

Osasunak porrota jaso du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Gorritxoek 1-3 galdu dute. Cristiano Ronaldok sartu du lehen gola eta Sergio Leonek egin du banakoa. Bigarren zatian Madrileko taldeak garaipena lortu du Iscoren eta Lucas Vazquezen golei esker.

  • Osasuna-Real Madrid. Argazkia: EFE

    Cristiano Ronaldo Osasunari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak porrota jaso du Real Madrilen aurka (1-3) Sadarren eta LaLigako 22 jardunaldi jokatu ostean sailkapenko azken postuan jarraitzen du talde gorritxoak, 10 punturekin.

Partidako lehen abagunea Real Madrilek izan du laugarren minutuan Benzemak gutxigatik kanpora bidali duen jaurtiketaren bitartez, baina ordutik aurrera Osasuna izan da baloiaren jabe. Gorritxoek zortzigarren minutuan izan dute gola sartzeko lehen aukera, baina Riviere jokalariaren errematea Keylor Navas atezainak desbideratu du. Ondoren, 17. minutuan, Real Madrileko atezainak erantzun bikaina eman dio Faustoren jaurtiketari eta Osasuna ondoen ibili denean Real Madrilek gola sartu du Cristiano Ronaldoren bitartez (0-1), 24. minutuan. Gola hartu ostean, erasora jo du talde gorritxoak eta 32. minutuan partida berdindu du. Sergio Leonek bankoa (1-1) sartu du Fuentesen pase dotorea jaso eta maisuki Keylor Navas atezaina gaindituta. Lehen zatiaren azken txanpan talde bakoitzak abagune on bana izan dute, baina atezainak izan dira protagonista; 35. minutuan Siriguk gelditu itzela egin du Benzemaren aurrean eta 43. minutuan Keylor Navasek erantzun ona eman dio Riviere erdilariaren jaurtiketari.

Bigarren zatia hasi bezain laster Osasunak bigarren gola sartzeko abagunea izan du. Sergio Leonek jokaldi bikaina egin, jaurtiketa ona atera eta Keylor Navasek gelditu ikusgarria egin du, gola eragotziz. Gorritxoen aukeraren ostean Real Madril izan da baloiaren jabe eta 62. minutuan aurrea hartu du Iscoren golari esker (1-2). Benzema area barruan sartu da, baloia solte geratu eta Iscok sare barrura bidali du errematea. Bigarren gola sartuta Real Madrilek kontrolpean izan du partida eta 73. minutuan aukera bikoitza; Siriguk erantzun bikaina eman dio Cristiano Ronaldoren jaurtiketari eta jarraian etorri den kornerrean Ramosek gutxigatik kanpora bidali du buruz egindako errematea. Osasuna ezinean ibili da bigarren zatian, baina 82. minutuan berdinketa lortzeko abagunea izan du; Sergio Leonen jaurtikera, ordea, bikain desbideratu du Keylor Navasek. Amaierako minutuetan Real Madrilek ez du arazorik izan emaitzari eusteko eta azken minutuan Lucas Vazquezek bisitarien garaipena biribildu du, 1-3koa sartuta.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sirigu; Tano (David Garcia, m.15), Oier, Vujadinovic, Fuentes (Clerc, m.53); Jaime, Fausto Tienza (Raoul Loe m.60), Causic, Alex Berenguer; Riviere eta Sergio Leon.

3 - Real Madril: Keylor Navas; Varane, Sergio Ramos, Nacho; Danilo (James, m.57), Modric, Casemiro, Isco (Kovacic, m.88), Marcelo; Cristiano Ronaldo eta Benzema (Lucas Vazquez, m.72).

Golak: 0-1, m.24: Cristiano Ronaldo. 1-1, m.33: Sergio Leon. 1-2, m.63: Isco. 1-3, m.93: Lucas Vazquez.

Epailea: Iglesias Villanueva.