Itxi

Osasuna

1-1

Inor pozik uzten ez duen berdinketa Osasunaren eta Eibarren artean

Erredakzioa

Bana (1-1) berdinduta amaitu da Sadarren jokatu den euskal derbia. Kike Garciak egin du 0-1ekoa eta Kenan Kodrok sartu du berdinketaren gola.

  • Osasuna-Eibar. Argazkia: EFE

    Osasuna-Eibar (1-1) derbiko irudia. Argazkia: EFE

Osasunak eta Eibarrek bana (1-1) berdindu dute Sadarren astelehen honetan jokatu duten derbian. Berdinketak ez du bi taldeetako bat ere pozik uzten. Eibar 40 punturekin mantentzen da sailkapeneko zortzigarren postuan, baina zortzi puntura du orain seigarren posizioa. Osasunak 11 puntu ditu, eta sailkapeneko azken postuan jarraitzen du, salbazioa 14 puntura duelarik.

Armaginek izan dute norgehiagokako lehen abagunea laugarren minutuan, baina Arbillaren erdiraketa pozoindua Sirigu atezainak desbideratu behar izan du. Sei minutu beranduago Arbillak berak eragotzi du Osasunaren gola, baloia atepetik aterata. Osasunako atezainak lan eskerga izan du lehen zatian; 14. minutuan Sergi Enrichen erremateari erantzun ona eman dio, eta 24. minutuan atezain gorritxoak armaginen gola eragotzi du Inuiren jaurtiketa bikaina desbideratuta. Hurrengo jokaldian, gora bidali du errematea Escalantek. Lehen zatia amaitu orduko, Salvatore Siriguk beste gelditu bat egin du Inuiren jaurtiketaren aurrean. Atezain gorritxoa protagonista izan da lehen 45 minutuetan eta partida atsedenaldira golik gabe iristearen eragilea ere izan da.

Bigarren zatia bizi hasi da, eta hasierako minutuetan talde bakoitzak abagune on bana izan du. Lehenengo Osasunak izan du partidako lehen gola sartzeko aukera, baina Sergio Leonen errematea Yoel atezainak harrapatu du; hurrengo jokaldian, aldiz, Eibarrek izan du aukera eta Oier Sanjurjok atepetik atera du Inuiren errematea.  Lasaitasunezko minutu batzuen ostean, etxeko taldeak bi abagune argi izan ditu. Norgehiagokako 62. minutuan Vujadinovicek buruz egin duen errematea oso gutxigatik kanpora joan da, eta minutu bat beranduago Roberto Torresek egindako jaurtiketa kanpora joan da, zutoina jo ostean. Gorritxoak nagusi izan dira bigarren zatian eta Eibar ezinean ibili da, baina talde armagina une txarrenak pasatzen ibili denean Capak hegaletik erdiraketa egin eta zelairatu berria izan den Kike Garciak 0-1ekoa sartu du, 72. minutuan. Markagailuan aurrea hartu arren, pozak ez dio asko iraun talde armaginari. Izan ere, 79. minutuan Kenan Kodrok banakoa (1-1) sartu du Jaime Romeroren erdiraketa ona sare barrura bidalita. Golak indarra eman dio Osasunari eta 83. minutuan bigarren gola sartzeko abagunea izan du, baina Yoel atezainak gola eragotzi du Raoul Loeren burukada desbideratuta. Hiru minutu beranduago Eibarreko atezainak berriro bere taldea salbatu du Oriol Rieraren erremateari erantzun bikaina emanda. Azken txanpan bi taldeetako batek ere ez du abagunerik sortu eta neurketa berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sirigu; Aitor Buñuel, Oier, Vujadinovic, Fuentes (Oriol Riera, m.82); Raoul Loe, Causic (Fran Mérida, m.63); Sergio Leon (Clerc, m.74), Roberto Torres, Jaime; eta Kenan.

1 - Eibar: Yoel; Capa, Ramis, Lejeune, Arbilla; Escalante, Dani García (Rivera, m.83); Pedro Leon, Adrian (Kike García, m.71), Inui (Peña, m.63); eta Sergi Enrich.

Golak: 0-1, m.72: Kike García. 1-1, m.79: Kenan.

Epailea: Jaime Latre.