Itxi

Osasuna

Gaur, 16:15ean

Bestelako helburuak Osasuna eta Athleticentzat Sadarreko derbian

Agentziak | Erredakzioa

Kenan Kodro ez da prest izango etxekoentzat, ezta Yeray Alvarez ere kanpokoentzat. Biak arazoekin itzuli dira selekzioekin jokatutako partidetatik.

Osasuna eta Athletic aurrez aurre arituko dira Sadarreko derbian, larunbatean 16:15ean. Bi taldeak oso momentu desberdinetan daude.

Gorritxoek etxeko lehenengo garaipena nahi dute, baina datuak inoizko txarrenak dituzte Lehen Mailan. Salbazioa 15 puntura dute 10 jardunaldi falta direnean. Ligan partida bakarra irabazi dute. Taldea, bainera, oso egoera instituzional txarrean dago.

Javier Flaño, Didier Digard, Miguel Flaño eta Tano Bonninen bajez gain, Roberto Torres eta Jaime Romerorenak ere ditu Vasiljevicek. Kenan Kodro, gainera, ez dago jokatzeko prest, Bosniako selekzioarekin min hartuta.

Raoul Loe azken orduko baja da, ostiraleko entrenamenduan lesionatuta, eta Fausto Tienza eta Alex Berenguer, aldiz, prest daude jokatzeko.

Athleticen, Yeray Alvarez baja izango da. Haustura bikoitza du sudurreko berezko hezurretan, eta ez du jokatuko. Hurrengo neurketetan, ziurrenez, aurpegi-babes batekin jokatu beharko du.

Ernesto Valverdek prest izango du berriro Mikel San Jose, Real Madrilen aurka zigortuta. Entrenatzaileak Anoetan lortutako garaipen onari jarraipena eman nahi dio, etxetik kanpoko bolada txarrarekin bukatu zuten eta. Real Madrilen aurka, aldiz, Athleticek etxeko bolada onari amaiera eman zioten (19 partida galdu gabe).

USTEZKO HAMAIKAKOAK

Osasuna: Sirigu; Oier, Vujadinovic, David Garcia; Aitor Buñuel, Causic, De las Cuevas, Fran Merida, Clerc; Sergio Leon edo Riviere, Oriol Riera.

Athletic: Kepa; De Marcos, Boveda, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Williams, Raul Garcia, Muniain; Aduriz.