Itxi

Osasuna

1-2

Athleticek Osasuna hondoratu eta puntu bakarrera du seigarren postua

Erredakzioa

Zuri-gorriek 1-2 irabazi dute Sadarren jokatutako derbia. Aduriz eta Williams izan dira Bilboko taldearen golegileak eta Sergio Leonek sartu du gorritxoen gola.

  • Athletic. Argazkia: EFE

    Athleticeko jokalariak Adurizek Osasunari sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Osasunaren aurkako derbian (1-2) eta hiru puntu hauei esker seigarren postuan dagoen Vila-realengandik puntu bakarrera kokatu da LaLigako sailkapenan. Gorritxoek ia ezinezko dute salbazioa lortzea, azken postuan jarraitzen baitute 11 punturekin.

Derbia bizi hasi da Sadarren, bi taldeak baloiaren jabe egin nahian, baina abagune argirik sortu gabe. Athleticek 12. minutuan izan du lehen abagunea eta ez du barkatu; Williamsek jokaldi ona egin, De Marcosek area barruan jaso du baloia eta Adurizek sare barrura  (0-1) bidali du errematea. Gola hartu ostean Osasunak itsuan jo du berdinketaren bila eta bi aukera oso argi izan ditu. Partidako 16. minutuan Kepa Arrizabalaga atezainak gorritxoen gola eragotzi du Riviere jokalariak buruz egin duen erremateari erantzun bikaina emanda. Jarraian, 17. minutuan, Oierrek jokaldi ikusgarria egin du, eta bere jaurtiketa, zutoinera. Hasierako minutu bizi horien ondoren, norgehiagokaren erritmoa moteldu egin da, eta bi taldeei asko kosta zaie berriro arriskuarekin aurkariaren ate aurrera iristea. Raul Garcia gola sartzetik gertu egon da 38. minutuan, baina Siruguk erantzun ona eman dio bere jaurtiketari; 43. minutuan De las Cuevasek izan du berdinketa lortzeko abagunea, baina Keparen aurrean bakarrik geratu eta indarge atezainaren eskuetara bidali du jaurtiketa. Atsedenaldira iritsi orduko, De Marcosek pase bikaina eman dio Williamsi eta honek 0-2koa sartu du Sirigu atezaina gaindituta.

Bigarren zatiak lehenengoak baino erritmo baxuagoa izan du, eta abaguneak oso eskasak izan dira. Athleticek kontrolpean izan du norgehiagoka eta Osasuna ezinean ibili da. Talde zuri-gorriak bi abagune izan ditu bigarren zatiko hasierako minutuetan: 53. minutuan Adurizek ez du asmatu errematean Williamsen erdiraketaren ondoren eta 54. minutuan Raul Garciaren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina urratuta. Adurizek izan du abagunerik argiena 72. minutuan, baina bere errematea Siriguk desbideratu du, gola eragotziz. Osasunak bigarren zatian izan duen abagune bakarra 79. minutuan etorri da; Sergio Leonek pase luzea jaso, aurkari guztiak atzean utzi eta 1-2koa sartu du Kepa atezaina maisuki gaindiututa. Azken minutuetan Osasuna saiatu da berdinketaren bila jotzen, baina Athleticek ondo eutsi dio emaitzari eta garaipenak ez dio ihes egin.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sirigu; Unai García, Oier, David Garcia; Aitor Buñuel (Olavide, m.81), Causic, De las Cuevas (Alex Berenguer, m.71), Fran Merida, Clerc; Riviere eta Oriol Riera (Sergio Leon, m.66).

2 - Athletic Club: Kepa; Boveda, Laporte, Balenziaga, San Jose, De Marcos, Beñat (Mikel Rico, mi. 79), Raul Garcia (Iturraspe, m. 60), Muniain (Lekue, m. 69), Williams eta Aduriz.

Golak: 0-1 m.12: Aduriz. 0-2 m.44: Williams. 1-2. m.80: Sergio Leon.

Epailea: Munuera Montero.