Itxi

Osasuna

Liga 123: 14. jardunaldia

Osasuna Kordobari gailendu zaio (0-1), hilabete bat irabazi gabe egon ostean

Erredakzioa

Xiscok buruz erdietsi duen gola dela medio Diego Martinezek zuzentzen duen taldeak 12 jardunaldi pilatu ditu galdu gabe, eta 25 puntu dauzka.

  • Kordoba-Osasuna (0-1). Argazkia: CA Osasuna.

    Kordoba-Osasuna (0-1). Argazkia: CA Osasuna.

Osasunak garaipenen bideari heldu dio berriro hilabete oso bat partidarik irabazi gabe egon ostean, eta are gehiago sartu du sailkapenaren zuloan Kordoba taldea, 123 Ligako hamalaugarren jardunaldiari dagokion partidan.

Gorritxoek nahikoa izan dute bigarren zatiaren hastapenetan lortu duten Xiscoren gola hiru puntuak bereganatzeko.

Lehenengo zatian joko gutxi eta are aukera gutxiago ikusi ahal izan dira. Aitzitik, bigarren zatia hasi eta berehala gauzak erabat aldatu dira, Xiscok (Kordobako jokalari ohia, bera) aurretik jarri baititu gorritxoak laugarren minutuan, Sebastian Corisen erdiraketa bati burukada ezin hobea emanda.

Juan Merinoren mutilek ez dute erreakzionatzeko gaitasunik azaldu, eta 71. Minutuan Roberto Torres bigarrena egiteko zorian egon da Alex Vallejoren mantsotasuna aprobetxatuta, baina nafarraren jaurtiketa kanpora joan da Kieszek atezainaren ezkerreko zutoinetik oso gertu.

Horrenbestez, Diego Martinezek zuzentzen duen taldeak 12 jardunaldi pilatu ditu galdu gabe, eta bigarren mailako sailkapenaren punta-puntan dago, 25 punturekin.

Fitxa teknikoa:

Kordoba 0: Kieszek, Álex Vallejo, Joao Afonso (Jaime Romero, 76. min), Josema (Alfaro, 84. min); Fernández, Edu Ramos, Sergio Aguza, Caballero (Markovic, 68. min), Javi Galán; Sergi Guardiola eta Jona.

Osasuna 1: Sergio Herrera; Lillo, Aridane, Oier, Clerc; Sebas Coris (Mateo, 58. min), Fausto Tienza (Arzura, 70. min), Lucas Torró, Roberto Torres (Unai García, 87. min); Quique eta Xisco.

Gola: 0-1, 49. min: Xisco.

Epailea: Dámaso Arcediano Monescillo. Txartel horiak: Joao Afonso, Sergio Aguza, Javi Galán eta Sergi Guardiola (Kordoba); Lillo, Fausto Atienza eta Roberto Torres (Osasuna).