Itxi

Osasuna

1-1

Osasunak atzerapausoa eman du playoffei begira, Kordobaren aurka berdinduta

eitb.eus

Talde gorritxoak bana (1-1) berdindu du Sadarren. Andaluziako taldea aurreratu da Galanen gol batekin eta Lassok sartutako golarekin berdindu du partida Osasunak.

  • Osasuna-Kordoba. Argazkia: @CAOsasuna

    Osasuna-Kordoba (1-1). Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak bana (1-1) berdindu du Kordobaren aurka Sadarren, Bigarren Mailako 35. jardunaldiko partida eta talde gorritxoak atzerapausoa eman du igoera playoffetan sartzeko lehian.

Partida trabatuta hasi da, falta askorekin eta erritmo motelarekin. Jovanovicek Kordobarentzat eta Meridak Osasunarentzat, erremateak kanpora bota dituzte lehen minutuetan eta 17. minutuan, talde bisitariak 0-1ekoa sartu du Galanen bitartez; Sergi Guardiolak pasea eman dio, eta Galanek ondo amaitu du jokaldia. Gola hartu ostean Osasuna izan da nagusi eta talde gorritxoak abaguneak sortu ditu. Xiscok gola sartzeko aukera bikaina izan du 27. minutuan, baina gora bidali du errematea eta 44. minutuan David Rodriguezen jaurtiketa kanpora joan da, oso gutxigatik. Kordobak gola sartu du lehen zatian izan duen aukera urrietako baten eta atsedenaldira iritsi aurreko jokaldian, Jovanovicen errematea atepetik atera du Osasunako defentsak.

Bigarren zatia parekatuta hasi da, eta abagune gutxirekin. Hala ere, 57. minutuan, Osasunak neurketa berdindu du; Borja Lassok banakoa (1-1) sartu du, boleaz egindako erremate bikain bati esker. Osasuna Kordoba baino hobeto jokatzen ibili da, eta 76. minutuan izan du bigarren gola sartzeko aukera, baina Fran Merida ez da gutxigatik errematera iritsi Kike Barjaren erdiraketa on baten ostean. Kordobak ez du ia abagunerik sortu bigarren zatian, baina 86. minutuan, Sergio Herrera atezainak talde andaluziarraren gola eragotzi du, gelditu on bat eginda. Partidako 90. minutuan Aythami egotzi du epaileak eta bat gutxiagorekin geratu da Kordoba, baina 92. minutuan Xisco ere egotzi egin du. Azken minutuetan estrategi jokaldien bidez saiatu da Osasuna garaipena lortzen, baina Kordobak ondo defendatu ditu gorritxoen erasoak eta neurketa berdinduta amaitu da (1-1).

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Lillo, Aridane, Oier, Javier Flaño (Quique, m.46); Arzura, Fran Merida; David Rodriguez (Sebas Coris, m.72), Borja Lasso (De las Cuevas, m.83), Kike Barja; eta Xisco.

1 - Kordoba: Kieszek; Loureiro, Quintanilla (Caro, m.30), Aythami, Jesús Valentín, Javi Galan; Jovanovic (Aguado, m.62), Alex Vallejo (Aguza, m.74), Edu Ramos, Narvaez; eta Sergi Guardiola.

Golak: 0-1, m.18: Javi Galan. 1-1, m.58: Borja Lasso.

Epailea: De la Fuente Ramos. Xisco (m.93) egotzi du bi txartel horia aterata eta Aythami (m.90) egotzi du txartel gorria aterata. Stefanovic (m.91) Kordobako ordezko atezaina ere egotzi du. Txartel horiak atera dizkie jokalari hauei: Fran Merida (m.23), Borja Lasso (m.63), Aridane (m.85), Kike Barja (m.90), Sergi Guardiola (m.24), Edu Ramos (m.55), Loureiro (m.80), Aguza (m.82) eta Caro (m.84).