Itxi

Osasuna

1-1

Osasuna igoera playoffeko postuetatik aldendu da Lugoren aurka berdinduta

Erredakzioa

Gorritxoek bana (1-1) berdindu dute Sadarren. Nafarroako taldea aurreratu da Unai Garciaren gol bati esker, baina Galiziako taldeak neurketa berdindu du Cristian Herrerak sartutako golarekin.

  • Osasuna-Lugo (1-1). Argazkia: @CAOsasuna

    Osasuna-Lugo (1-1). Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak bana (1-1) berdindu du Lugoren aurka Sadarren Bigarren Mailako 37. jardunaldiko partida eta gero eta urrunago ditu Lehen Mailara igotzeko playoffetako postuak. Zaleak haserre agertu dira eta Diego Gonzalez entrenatzailea botatzeko eskatu dute.

Galiziako taldeak hobeto ekin dio partidari eta lehen zortzi minutuetan bi abagune argi izan ditu. Gainera, epaileak gol bat balio gabe utzi dio Lugori. Osasunari asko kostatu zaio partidan sartzea eta ia ez du abagune argirik izan. Rober Ibañezen baloi loratu batek eta jaurtiketa on batek soilik sortu dute arriskua Lugok defendatutako atean.

Bigarren zatian Osasunak bere joko-maila hobetu, erasora jo, eta aurrea hartu du 55. minutuan Unai Garciak sartutako golari esker (1-0). Talde gorritxoak bigarren golaren bila jo du, eta Unai Garciak oso gertu izan du gola, baina bere errematea atezainak desbideratu du, eta Xiscok kanpora bidali du aldaratzea. Lugo ez da eroso ibili, baina zelairatu berria izan den Cristian Herrerak banakoa (1-1) sartu du 77. minutuan, neurketan izan duen lehen abagunean. Azken minutuetan Lugok erasora jo du, eta gertu izan du bigarren gola, baina Sergio Herrerak Lugoren gola eragotzi du, Fede Vicoren jaurtiketari erantzun bikaina emanda.

Fictxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Javier Flaño (Kike Barja, m.81), Unai Garcia, Oier, Lillo; Lucas Torró, Fran Merida; Rober Ibañez (Quique, m.70), Borja Lasso, Roberto Torres; eta Xisco (David Rodriguez, m.81).

1 - Lugo: Juan Carlos; Alvaro Lemos, Josete Malagon, Pita, Jose Carlos, Kravets; Sergio Gil, Seoane, Azeez (Campillo, m.67); Jaime (Fede Vico, m.67) eta Escriche (Cristian Herrera, m.76).

Golak: 1-0, m.55: Unai Garcia. 1-1, m.77: Cristian Herrera.

Epailea: Sagues Oscoz.