Itxi

Osasuna

0-2

Osasunak amaiera eman dio bolada txarrari Nastic menderatuta

eitb.eus

Talde gorritxoak 0-2 irabazi dio Tarragonako Gimnastic taldeari, Rober Ibañezen eta Xiscoren golei esker.

  • Gimnastc Tarragona-Osasuna (0-2). Argazkia: @CAOsasuna

    Gimnastc Tarragona-Osasuna (0-2). Argazkia: @CAOsasuna

Osasunak 0-2 irabazi dio Tarragonako Gimnastic taldeari eta beste garaipen bat gehiago lortu du. Bost partida jarraian zeramatzan Osasunak garaipenik lortu gabe eta azken lau partidak berdindu egin zituen. Talde gorritxoak 57 puntu ditu, play-off postuak hiru puntura ditu, seigarrenak, Cadizek, 60 puntu baititu. Bosgarren postuan den Numantzia 4 puntura du Osasunak.

Partidaren hasieran, Sergio Herrera atezainak lan egin behar izan du Nasticen gola eragozteko; 8. minutuan, erantzun bikaina eman dio Matillaren falta jaurtiketari. Osasunak abagune bikaina izan du 25. minutuan, baina gorritxoek kontraerasoari amaiera ona ematea galarazi du Nasticeko defentsak. Pixkanaka, Osasuna baloiaren jabe egin da, eta 31. minutuan 0-1ekoa sartu du Rober Ibañezek, taldearen jokaldi on bat biribilduta. Atsedenaldira iritsi orduko, Xiscok 0-2koa egin du polemikaz betetako jokaldi bat burututa; marrazainak bandera altxatu du, Xisco jokoz kanpo zegoela adierazteko, eta jokalariak gelditu egin dira, baina epaileak ez du ezer adierazi eta Xiscok sare barrura sartu du baloia, orpoz.

Bigarren zatian nagusi izan da Osasuna eta abagune argiak izan ditu. Quiquek ez du gutxigatik gola sartu 48. minutuan, eta Aridanek 59. minutuan egin duen errematea oso gutxigatik joan da kanpora. Nasticek ez du gola sartzeko aukera handirik sortu. Osasunak sendo jarraitu du defentsako lanean, eta ez du sufritu. Gainera, azken minutuan, hirugarren gola sartzetik gertu egon da Osasuna, baina Lucas Torroren jaurtiketa kanpora joan da, zutoina jo ostean.

Fitxa teknikoa:

0 - Nastic: Dimitrievski; Kakabadze, Xavi Molina, Arzo, Javi Jimenez; Tete Morente (Omar, 46. min), Matilla, Gaztañaga, Abraham (Maikel Mesa, 68. min); Bareiro eta Uche. (Dongou, 76. min)

2 - Osasuna: Sergio Herrera; Rober (Coris, 76. min), Miguel Flaño, Oier, Aridane, Lillo; Lucas Torro, Roberto Torres (Arzura, 65. min), Borja Lasso; Xisco (David, 88. min) eta Quique.

Golak: 0-1, Rober Ibañez (30. min); 0-2, Xisco (43. min).

Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez.