Itxi

Futbola

Larunbatean, 18:15ean

Real Madril-Bartzelona: badator Klasikoa

Agentziak | Erredakzioa

Luis Enriqueren taldeak madrildarrek baino hiru puntu gehiago ditu sailkapenean, eta jokoan ere hobeto ari dira. Hala ere, Real Madrilek baino porrot bat gehiago jaso dute.

  • Cristiano Ronaldo eta Claudio Bravo. Argazkia: Efe.

    Cristiano Ronaldo eta Claudio Bravo. Argazkia: Efe.

Real Madrilek eta Bartzelonak denboraldiko lehen klasikoa jokatuko dute Santiago Bernabeu zelaian (larunbatean, 18:15ean). Segurtasun neurri bereziak aurreikusi dira partida horretarako, Parisen joan den astean izandako atentatuen ondorioz. Kirol arloari dagokionez, Leo Messsi hasierako hamaikakoan izango den ala ez da zalantza nagusia. Real Madrilek, teorian, presio handiagoa izango du partida irabazteko, azken jardunaldian galtzaile atera zirelako eta bere zaleen aurrean jokatzen duelako.

Bartzelonak madrildarrek baino hiru puntu gehiago ditu sailkapenean, eta jokoan ere sentsazio hobeak eman dituzte. Hala ere, zuriek baino porrot bat gehiago dute, bi guztira, eta biak etxetik kanpo: Vigon (4-1) eta Sevillan (2-1).

Larunbateko partidari begira, bi entrenatzaileek zalantzak dituzte hasierako hamaikakoei dagokienez. Real Madrilen min hartuta zeuden jokalari guztiak sendatu dira, James Rodriguez eta Karim Benzema barne.

Bartzelonari dagokionez, Messi da zalantza nagusia. Argentinarrak ehuneko ehunean ez dagoela onartu ostean, entrenatzaile asturiarrak erabaki bat hartu beharko du: aurrelaria hasieratik jarri ala ez. Bai Messik eta bai Rakiticek klubeko medikuen sendagiria jaso dute ostiral honetan.

Ustezko hamaikakoak:

Real Madril: Navas; Danilo, Ramos, Varane, Marcelo; Casemiro, Modric, Kroos; Bale, Cristiano Ronaldo eta James.

Bartzelona: Bravo; Alves, Piqué, Mascherano, Alba; Busquets, Sergi Roberto, Iniesta; Messi, Luis Suárez y Neymar.

Epailea: Fernández Borbalán (andaluziarra).

Estadioa: Santiago Bernabéu.

Ordua: 18.15ean