Itxi

Futbola

3 eta 1 San Mamesen

Tunisiari irabazi eta 2011ko errebantxa hartu du Euskal Selekzioak

Agentziak | Erredakzioa

Illarramendik, Adurizek eta Oyarzabalek egin dituzte euskal jokalarien golak. Tunisiarren gol bakarra, berriz, Sassik sartu du.

1:12

Euskal Selekzioak 3 eta 1 irabazi dio Tunisiari San Mamesen Asier Illarramendik, Aritz Adurizek eta Mikel Oyarzabalek egindako golei esker, guztiak lehen zatian. Garaipen horri esker, Euskal Selekzioak 2011n hartutako porrotaren errebantxa hartu zuen.

Partidako gauzarik esanguratsuenak lehen 45 minutuetan gertatu ziren.

Neurketak hasiera bizia izan zuen, eta Euskal Selekzioak egin zuen min gehien erasoan. Lehen gola seigarren minutuan iritsi zen. Xabi Prietok baloia erdiratu, Aduriz ez zen buruz errematatzera iritsi, eta baloia Illarramendiren hanketan amaitu zuen. Mutrikuarraren errematea ate barrura sartu zen, jokalari tunisiar baten gorputzean jo ostean.

Banakoa Sassik egin zuen handik 10 minutura. Jokaldi nahasia Euskal Selekzioaren arean, Iraizozek bi geldiketa bikain egin zituen bata bestearen atzetik, hirugarren erremate batek zutoinean jo zuen eta laugarrenean, Sassik, gola egin zuen.

Baina euskal jokalariek berehala eman zioten erantzuna golari, Adurizek 2 eta 1ekoa egin zuen, buruz egindako erremate ikusgarri baten bidez.

Hortik aurerra, neurketaren kontrola etxekoena izan zen. Hirugarren gola, Mikel Oyarzabal txuri-urdin gazteak egin zuen, bere debutean, Xabi Prietoren erdiraketa aprobetxatuta.

 

Fitxa teknikoa

3.- Euskal Selekzioa: Gorka Iraizoz; Ander Capa, Mikel González, Íñigo Martínez, Mikel Balenziaga; Xabi Prieto, Asier Illarramendi, Mikel San José, Mikel Oyarzabal; Iker Muniain eta Aritz Aduriz. Bigarren zatiko hamaikakoa: Oier Olazabal; Joseba Zaldua, Eneko Bóveda, Xabi Etxeta, Yuri Berchiche; Markel Susaeta, Ander Iturraspe, Dani García, Manu García; Sabin Merino eta Gaizka Toquero.

Hautatzaileak: José Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri.

1.- Tunisia: Moez Ben Cherifia; Yassine Meriah, Chamsiddine Dhaouadi, Syam Ben Youseff; Hamdi Naguez, Hamza Lahmar, Feriani Sassi, Saad Bguir, Ghazi Abdelrazzek; Yassine Khenissi eta Saber Khalifa. Bigarren zatian sartu dira Slimen Kchouk, Oussama Hadadi, Youseff Msakni, Naim Sliti eta Abdel Azouni.

Hautatzailea: Henryk Kasperczak.

Golak: 1-0, 6. min: Illarramendi. 1-1. 16. min: Sassi. 2-1. 19. min: Aduriz. 3-1, 44. min: Oyarzabal.

min: Oyarzabal.