Itxi

Futbola

0-5 irabazi dio Sevillari

Bartzelona, Errege Kopako txapeldun

eitb.eus

Kataluniako taldeak 0-5 irabazi dio Sevillari finala. Luis Suarez (x2), Messi, Iniesta eta Coutinho izan dira golegileak.

  • Bartzelona. Argazkia: EFE

    Bartzelonako jokalariak eta teknikariak Kopako garaikurrarekin. Argazkia: EFE

Bartzelona da 2018ko Errege Kopako txapelduna, finalean Sevillari 0-5 irabazita. Honebestez, Bartzelonak bere 30. Kopako titulua irabazi du. Erabat nagusi izan da Kataluniako taldea Wanda Metropolitano estadioan jokatu den finalean.

Lokartuta zelairatu da Sevilla eta horretaz baliatu da Bartzelona 13. minutuan aurrea hartzeko; Coutinho area barruan sartu da, pasea eman dio Luis Suarezi eta honek 0-1ekoa sartu du Sevillako defentsen jarrera faltaren aurrean. Gola hartuta, saiatu da Sevilla erreakzionatzen eta neurketa berdintzeko abagunea izan du, baina Correak ez du ate aurrean asmatu. Andaluziako taldeak baloiak aise galtzen izan ditu, eta zelaiko gune oso arriskutsuetan. Bartzelonari opari asko egin dizkio, eta Kataluniako taldeak ez ditu alferrik galdu; 31. minutuan Messik sartu du 0-2koa eta atsedenaldira iritsi aurretik, 40. minutuan, Luis Suarezek erabakita utzi du finala, 0-3koa sartuta.

Sevillak ez du jokoa hobetu bigarren zatian, ezta jarrera ere. Ondorioz, 52. minutuan, Andres Iniestak 4-0ekoa sartu du. Sevillako jokalarien jarrera tamalgarria izan da; baloia galtzen izan duten bakoitzean, ez da inor jaisten izan defentsako lana egitera.

Wanda Metropolitanoko harmailetan, Sevillako zale asko negarrez ikusi ahal izan dira, euren taldearen jarrera falta eta joko txarra ikusita. Neurketako 63. minutuan izan du aldeak murrizteko aukera Sevillak kontraeraso baten bitartez, baina Sandrok oso berekoi jokatu du, eta Cillessen atezainak gola eragotzi du. Sevillaren partida erabat tamalgarria izan da, eta 68. minutuan Lengletek penalti argia egin du, area barruan baloia eskuarekin moztuta. Coutinhok jaurti du penaltia eta 0-5ekoa sartu du. Azken minutuerako dena erabakita egon da, emaitza ez da aldatu, eta Bartzelonak lortu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

Sevilla FC: David Soria; Navas, Mercado, Lenglet, Escudero; N'Zonzi, Banega; Franco Vazquez (Nolito, min.86), Sarabia (Layun, min.82), Correa (Sandro, min.46); eta Muriel.

Bartzelona: Cillessen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Alba; Busquets (Paulinho, min.76), Rakitic, Iniesta (Denis Suárez, min.88), Coutinho (Dembélé, min.82); Messi eta Luis Suarez.

Golak: 0 - 1, min. 14, Luis Suarez. 0 - 2, min. 31, Messi. 0 - 3, min. 40, Luis Suarez. 0 - 4, min. 52, Iniesta. 0 - 5, min. 69, Coutinho (penaltiz).

Epailea: Gil Manzano.