Itxi

Futbola

40 urterekin

Buffon atezain italiarrak Juventus eta Italiako selekzioa utziko dituela iragarri du

Agentziak | Erredakzioa

Buffonek 176 partida jokatu ditu selekzioarekin, eta prentsaurrekoan aditzera emandakoaren arabera, eskaintza interesgarriak ditu "zelaietan eta zelaietatik kanpo" aritzeko.

  • Gianluigi Buffon. Argazkia: Efe.

    Gianluigi Buffon. Argazkia: Efe.

Gianluigi Buffon atezain italiarrak Juventus taldea eta Italiako selekzioa utziko dituela iragarri du Torinoko Allianz Stadiumen emandako prentsaurrekoan. Buffon ikurra eta kapitaina da bere taldean eta selekzioan.

"Larunbatekoa Juventusekin jokatuko dudan azken partida izango da, eta abentura honi amaiera emateko modu ezin hobea dela uste dut", esan du 40 urteko atezainak. Buffonek Andrea Agnelli klubeko presidentea ondoan duela eman du bere erabakiaren berri.

"Emozioz betetako eguna da, eta momentua lasaitasunez eta poztasunez bizitzen ari naiz. Sentimendu hauek egindako ibilbidearen ondorio dira", esan du atezainak. Azken partida Hellas Verona taldearen aurka jokatuko du.

Selekzioarekin 176 partida jokatu ditu eta bere ibilbide profesionala "zelai barruan eta zelaitik kanpo" jarraitzeko eskaintzak dituela iragarri du. Behin betiko erabakia datorren astean hartuko du, lasaiago sentitzen denean.

Gianluigi Buffonek 26 txapelketa irabazi ditu, tartean Alemaniako 2006ko Munduko Txapelketa. Italiako taldeen eta liga txikietako taldeen eskaintzarik onartzeko asmorik ez duela esan du, bere lehentasuna erronka bizigarriak izatea delako.

"Ez dut hirugarren edo laugarren mailako liga txapelketa batean bukatu nahi duten horietakoa. Animalia lehiakorra naiz, eta ezingo nuke horrelako testuinguru batean bizi, ez nintzateke eroso egongo", azpimarratu du.