Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenak

Juventusek partida irauli du hiru minuturen buruan eta Tottenham kanporatu du (1-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Manchester Cityk ere hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu du, etxean galdu arren Basilearen aurka (1-2).

  • Higuaín Juventusen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Higuaín Juventusen lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Juventusek 1-2 irabazi dio Tottenhami asteazken honetan Gonzalo Higuain eta Paulo Dybalari esker, eta, horrenbestez, Txapeldunen Ligako final-laurdenetarako txartela eskuratu du. Ingelesak izan dira nagusi Wembleyn, baina norgehiagokaren 60. minutua betetakoan goitik behera aldatu da argentinarren golekin.

Etxekoak erasoan atera dira eta abiadura handia erakutsi dute, eta, hala, Turinen lortutako emaitza (2-2) hobetu dute lehen zatian Heung-Min Son hego-korearrak sartutako golaren bitartez. Alabaina, bigarrenean, txapeldun italiarrak hobera egin du, eta eraginkortasun gehiago erakutsi du, batez ere, Higuainen eskutik.

Mauricio Pochettinoren mutilei heldutasuna falta izan zaie Juve kanporatu eta lehen aldiz final-laurdenetara igaro ahal izateko. Massimiliano Allegrik, berriz, bere jokalariak suspertu ditu egin dituen aldaketekin, eta final-zortzirenak gainditzea lortu dute beste behin.

Cityk lo hartu eta galdu egin du etxean, 39 partidaren ostean

Joaneko neurketan dena erabakita utzi zuen Manchester Cityk (0-4 azpiratu zuen Basilea Suitzan), bere aldetik, galdu egin du Etihad Stadium futbol-zelaian (1-2) suitzarren aurka. Horrela, eten egin da etxean bata bestearen atzetik zeramatzan 39 partidako bolada ezin hobea.

Lehiak ez du aparteko mamirik izan, eta Basileak garaipen handi bat poltsikoratu besterik ezin izan du egin, emaitza hori ez baita nahikoa izan txapelketa honetan aurrera egiteko. Cityk, bere aldetik, presiorik gabe jokatu du, eta sufritu egin du neurketako zenbait zatitan, baina ez du inoiz kanporaketa arriskuan ikusi. Izan ere, etxekoak aurreratu dira markagailuan, Gabriel Jesusen golarekin (8. min), eta geroago iritsi dira kanpotarren bi golak: Elyounoussi (17. min) eta Lang (72. min).