Itxi

Txapeldunen Liga

Asteazkenean, 20:45ean

Bartzelona eta Chelsea, lehia gogorra final-laurdenetarako txartelaren bila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Asteazkeneko beste kanporaketan Bayernek ez du arazorik espero txapelketan aurrera jarraitzeko, Allianz Arenako joaneko partidan Besiktas aise azpiratu baitzuen (5-0).

  • Joaneko partidan bana berdindu zuten. Argazkia: EFE

    Joaneko partidan bana berdindu zuten. Argazkia: EFE

Bartzelonak Chelsea hartuko du Camp Noun asteazken honetan Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko partidan. Abantaila txiki batekin ekingo diote katalanek lehiari, Stamford Bridgen lortu zuten berdinketa dela medio (1-1).

Talde bien artean erabakiko duten Txapeldunen Ligako bosgarren kanporaketa izango da: bi final-zortzirenetan, bat final-laurdenetan eta beste bat finalerdietan. Gainera, bien artean orain arte dagoen berdintasuna desegingo dute; izan ere, talde bakoitzak bi aldiz egin du aurrera elkarren arteko lehien ostean.

Bestalde, Bartzelonak talde ingelesen aurka jokatu dituen Europako 23 neurketatik 13 atera ditu aurrera.

Kirol arloan, Valverde Andres Iniestaren osasunari begira egongo da, duela hamar urte izterreko bizeps muskuluan min hartu baitzuen.

Bartzelonaren hamaikakoa Albaceteko erdilariaren egoeraren araberakoa izango da, eta ez da jakingo azken unera arte. Alabaina, Valverdek badu beste aukerarik ere: batetik, zelai-erdia sendotzearen alde egitea eta 4-4-2ko eskemarekin jokatzea, edota, bestetik, hiru aurrelarirekin aritzea eta Ousmane Dembélé eskuin hegaletik jartzea, malagaren aurrean egin zuen norgehiagokaren ostean.

Chelseari dagokionez, talde ingelesak ia denboraldi osoa baldintzatuko duen asteari ekingo dio, Antonio Conte entrenatzailearen etorkizuna ere kolokan egonik.

Entrenatzaile italiarrak baieztatu duenez, Bartzelona garaitzeko eta Europan aurrera jarraitzeko "ia partida perfektua" jokatu behar da. Horretarako, Stamford Bridgen azaldutako jokamoldea plazaratzea espero du, orduko hartan Christensen defentsak egindako hutsegite zehatz bat baliatu baitzuen Messik berdinketaren gola erdiesteko.

Balizko hamaikakoak:

Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Alba; Busquets, Rakitic, Iniesta edo Paulinho, Messi; Dembele eta Suarez.

Chelsea: Courtois; Azpilicueta, Christensen, Rüdiger; Moses, Kanté, Fàbregas, Alonso; Willian, Hazard eta Morata.

Epailea: Damir Skomina (SVN).

Zelaia: Camp Nou

Ordua: 20:45

Bayernek dena alde

Jardunaldiko beste norgehiagokan, Bayern Munichek ez du ezustekorik espero final-laurdenetarako txartela eskuratzeko, Allianz Arenako joaneko partidan Besiktas aise azpiratu baitzuen (5-0).