Itxi

Txapeldunen Liga

Final-zortzirenetako itzulikoa

Messik Chelsea azpiratu du eta Bartzelonari final-laurdenetarako txartela eman dio

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bayern ere hurrengo kanporaketa jokatzeko sailkatu da, berriro irabazi baitio Besiktasi, gaurkoan Istanbulen (1-3).

  • Messik bi gol egin ditu eta hirugarrenaren pasea eman du. Argazkia: EFE

    Messik bi gol egin ditu eta hirugarrenaren pasea eman du. Argazkia: EFE

Bartzelona Txapeldunen Ligako final-laurdenak jokatzeko sailkatu da asteazken honetan Chelseari Camp Noun irabazi ostean (3-0), eta ez du baliatu behar izan Stanford Bridgen lortutako berdinketa (1-1).

Lionel Messi argentinarra izan da neurketako izarra: berak egin du lehen gola bigarren minutuan, Ousmane Dembeleri goleko pasea eman dio 20. minutuan eta kanporaketa behin betiko utzi du erabakita bigarren zatia hasi eta ordu laurdenera.

Hala ere, Chelseak aurre egin dio talde katalanari ia neurketa guztian zehar, eta horren adierazle da zutoinera bidali dituen bi baloiak. Lehendabizikoa, Marcos Alonsok jaurtitako falta batean, eta, bigarrena, Antonio Rüdigerrek buruz egindako erremate batean.

Bayernek ez du ezustekorik izan

Bayern Munich gailendu egin zaio berriro Besiktasi (1-3), eta, hartara, berretsi egin du txapelketako final-laurdenak jokatzeko txartela, aurretik ere eskuan zuena, joaneko partidan 5-0eko emaitza lortu eta gero. Bide batez, gaurko emaitzarekin Jupp Heynckes entrenatzaileak marka berri bat ezarri du, hamaika lehia irabazi baititu jarraian Txapeldunen Ligan.

Fitxa teknikoa

Bartzelona 3: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Umtiti, Jordi Alba; Busquets (Andre Gomes, 60. min), Rakitic, Iniesta (Paulinho, 56. min); Dembele (Aleix Vidal, 66. min), Suarez eta Messi.

Chelsea 0: Courtois; Moses (Zappacosta, 66. min), Azpilicueta, Christensen, Rüdiger, Alonso; Fàbregas, Kanté; Wilian, Giroud (Morata, 66. min) eta Hazard (Pedro, 82. min).

Golak: 1-0, 2. min: Messi. 2-0, 20. min: Dembele. 3-0, 64. min: Messi.

Epailea: Damir Skomina (SVN). Txartel horiak: Sergi Roberto (Bartzelona); Willian, Giroud eta Marcos Alonso (Chelsea).