Itxi

Txapeldunen Liga

13. Europako Kopa

Real Madril, berriro Europako txapeldun

eitb.eus

Zidanek zuzentzen duen taldeak 3-1 irabazi dio Liverpooli finala eta bere historiako hamahirugarren Europako Kopa irabazi du, hirugarrena jarraian.

  • Real Madril. Argazkia: EFE

    Real Madril, 2017-2018ko Txapeldunen Ligako irabazlea. Argazkia: EFE

Real Madrilek 2017-2018ko Txapeldunen Liga irabazi du, finalean Liverpooli 3-1 irabazita. Madrileko taldeak bere historiako 13. Europako Kopa irabazi du, 3.a jarraian, eta 4.a azken 5 urteetan.

Txapelketa Txapeldunen Liga deitzen denetik, inork ez du Championsa 3 aldiz jarraian irabazi. Europako Kopa deitzen zenean Bayern izan zen txapelketa hau 3 urtez jarraian irabazi zuen azken taldea, 1974, 1975 eta 1976. urteetan. Ajaxek ere 3 aldiz jarraian irabazi zuen, 1971, 1972 eta 1973. urteetan. Marka handiena Real Madrilek lortutakoa da, txapelketa honen lehen 5 tituluak jarraian lortu baitzituen, 1956, 1957, 1958, 1959 eta 1960. urteetan.

Liverpoolek ondo ekin dio partidari eta arazoak sortu dizkio Real Madrili. Ingalaterrako taldeari, ordea, kosta egin zaio abagune argiak sortzea eta izan duen argiena Keylor Navasek gelditu du, erantzun bikain batekin. Lehen zatian Mohamed Salh (Liverpool) eta Dani Carvajal (Real Madril) lesionatu egin dira, eta ezin izan dute jokatzen jarraitu. Real Madrilek aurrea hartzeko aukera izan du atsedenaldira iritsi aurretik, baina Cristiano Ronaldoren jaurtiketa, kanpora joan da gutxigatik.

Bigarren zatiaren hasieran Iscok langara bidali du errematea eta 51. minutuan Benzemak sartu du 1-0ekoa. Karius Liverpooleko atezainak eskuarekin atera du baloia area barrutik, Benzemak hanka jarri eta baloia sare barrura bidali du. Pozak, ordea, ez dio asko iraun, Liverpoolek banakoa (1-1) sartu baitu Maneren bitartez, 55. minutuan. Karius atezainak Real Madrilen gola eragotzi du, 60. minutuan Iscoren errematea desbideratuta.

Iscok ez dio gauza handirik eman taldeari finalean eta abagune argiak huts egin ditu. Ondorioz, Zidanek Bale sartu du Iscoren ordez 61. minutuan eta galestarrak 2-1ekoa sartu du txilenaz, 64. minutuan; gol ikusgarria. Berriro aurrea hartu duenean Real Madril izan da baloiaren jabe eta neurketa kontrolpean izan du, baina Liverpool berdinketa lortzetik gertu egon da; Maneren jaurtiketak, ordea, zutoina jo du. Neurketako 83. minutuan Balek 3-1ekoa sartu du, eta Real Madrilek eskuratu du titulua.

Fitxa teknikoa:

REAL MADRIL: Keylor Navas; Carvajal (Nacho, min.37), Sergio Ramos, Varane, Marcelo; Modric, Casemiro, Kroos, Isco (Bale, min.61); Cristiano Ronaldo eta Benzema (Asensio, min.88).

LIVERPOOL FC: Karius; Trent-Arnold, Lovren, Van Dijk, Robertson; Wijnaldum, Henderson, Milner (Emre Can, min.83); Salah (Lallana, min.31), Firmino eta Mane.

GOLAK:

1 - 0, min.50, Benzema.

1 - 1, min.55, Mane.

2 - 1, min.64, Bale.

3 - 1, min.83, Bale.

EPAILEA: Milorad Mazic (SRB).