Itxi

Olinpiar Jokoak

Euskal kirolariak

Euskal kirolariak brontzezko hiru dominekin itzuli dira Londresetik

Erredakzioa

Maialen Chourrautek eslalomen, Maider Undak borrokan eta Espainiako emakumezkoen eskubaloi selekzioak dominak lortu dituzte, baina lana handia izan da euskal kirolari guztien artean.

01:38
Euskal kirolariek brontzezko hiru domina eta 7 diploma lortu dituzte

Hogeita hamargarren Olinpiar Jokoek hiru brontzezko domina utzi dituzte euskal kirolarientzat. Londresera heltzean, bi gizon zeuden emakume bakoitzeko, baina bi neska eta Espainiako emakumezkoen eskubaloi selekzioa izan dira kirolarien ahaleginak saritzen dituzten dominak irabazten bakarrak.

Maialen Chourraut gipuzkoarrak lehenengo ospakizunak eragin zituen, K1 eslalomeko modalitatean hirugarren izanda. Hasierako probetan nagusi izanda, Chourraut kofiantzaz heldu zen finalera eta brontzezko domina irabazi zuen. Euskaldunak Londresko beste euskal palisten lan bikaina osatu zuen. Aurreko egunetan, Ander Elosegi eta Samuel Hernanz dominetatik oso hurbil geratu ziren: 4. C1ean eta 5. K1ean izan ziren, hurrenez hurren.

Bigarren domina Maider Undarena izan zen. Arabarrak lesio batek markatutako denboraldiaren ordaina hartu zuen eta merezitako saria pozik ospatu zuen. Londreserako bidea zailegia izan zen Undarentzat, baina azkenean, brontzezko domina lortu zuen borrokan.

Azken domina Espainiako emakumezkoen eskubaloi selekzioarena izan zen. Eli Pinedo, Nely Carla Alberto, Andrea Barno eta Patricia Elorza euskal jokalarien taldeak txapelketa ona egin zuten, baina final-erdietan huts egin zuten. Jorge Dueñas bilbotarraren ‘gudari olinpikoek’ azkar suspertu ziren eta brontzezko domina irabazi zuten Hego Korearen aurka, Olinpiar Joko historikoei amaiera bikaina emanda.

Beste euskaldunek diploma olinpikoak irabazi zituzten, dominen ateetan geratzen diren kirolarientzat egiten zaien aitorpena (laugarren postutik zortzigarrenera). Mingarriena, agian, Sugoi Uriarteren laugarren postua izan zen, judoko 66 kiloz azpikoen modalitatean. Epaileek aurkariaren aldeko erabakia hartu zuten brontzea irabazteko borrokan, euskal herritarra garaipena ospatzen ari zenean. Oiana Blanco eta Kiyoshi Uematsu txapelketatik at geratu ziren hasierako borroketan, 48 eta 73 kiloz azpikoen modalitatean, hurrenez hurren.

Ophelie Aspord igerilariak 6. postuan heldu zen 10 kilometroko maratoian. Ainhoa Muruak, triatloian, lasterketa ona egin zuen, 7. izanda. Zuriñe Rodriguez 44. postuan heldu zen. Iker Martinez eta Xabi Fernandez, bigarrenaren lesio batek markatuta aritu ziren, eta ez ziren dominak irabazteko probara sailkatu, belako 49er modalitatean. 12. geratu ziren sailkapen orokorrean. Atletismoan, Mikel Odriozola 42. postuan heldu zen 50 kilometroko martxa-proban.

Errepide txirrindularitzan, Jonathan Castroviejok maila onekin egin zuen debuta. 9.a izan zen erlojupekoan, eta 26.a lineako lasterketan. Erresuma Batua nagusi izan zen belodromoan, Juan Peralta keirineko 10.a izan zen. Hodei Mazkaran esprinteko finalera heldu zen, eta azkena izan zen azken lasterketan (16.a). Leire Olaberriak 13. postuan bukatu zuen omniuma.

Tiro olinpikoan, Juanjo Aranburuk ez zuen sailkapena lortu skeet modalitatean, eta 23. geratu zen. Pablo Carrera ere ez zen 50 metroko pistolaren finalera igaro (22.), baina 10 metroko aireko pistolaren finalean egon zen, eta 6. bukatu zuen.

Espainiako gizonezkoen eskubaloi selekzioa, Julen Aginagalde, Eduardo Gurbindo eta Mikel Agirrezabalaga euskal jokalariekin, final-laurdenetan geratu zen Olinpiar Jokoetatik kanpo, Frantziaren aurkako partidan. Espainiako futbol selekzioa izan zen, aldiz, porrot nagusia. Javi Martinez, Iker Muniain, Ander Herrera, Iñigo Martinez eta Cesar Azpilicuetaren taldeak ez zuen ezta lehenengo fasea gainditu.