Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Ogueta pilotalekuan

Aimarrek zazpigarren txapela jantzi du, Irujori gailenduta (22-16)

Leire Etxazarra | eitb.com

Asegarceko aurrelariari kosta egin zaio partidan sartzea eta hasieran Irujo izan da nagusi. Baina gero gauzak erabat aldatu dira: Iberokoa ezinean ibili da, Aimarren erakustaldiaren aurrean .

1:33
Argazkia: EiTB

Aimar Olaizola Lau t'erdiko errege izaten jarraitzen du. Zazpigarren txapela irabazi du Oguetako final handian Irujo 22 eta 16 mendean hartuta, hirugarrena jarraian, Julian Retegui handiaren marka berdinduta. Hasieran galduta eta makal aritu den arren, goizuetarrak kemena eta adorea atera ditu, eta partidaren bigarren zatian jaun eta jabe izan da.

Baina lehen tantoetan Juan Martinez de Irujo izan da onena, nabarmen. Iberokoari dena atera zaio, sakean ohi bezain ondo aritu da; errestoan, berriz, maisu. Aimar galduta ibili da kantxan, egungo txapeldunak ez du asmatu eta alde batetik bestera ibili da, Irujoren mende.

Gauzak horrela, eta hiruna egin ondoren, Iberokoak aldea zabaldu du markagailuan: 6-12. Eta Aimar, ezinean.

Baina Asegarcekoa ez da etsi egiten duen horietakoa eta pixkanaka-pixkanaka lekua hartzen hasi da. Pilota kolpea berreskuratuta eta abiaduraz baliatuta, finala 12 tantora berdindu du. Ez hori bakarrik, partidan lehen aldiz, aurretik jarri da: 14-13.

Moemntu horretan partidak ez zuen jaberik, eta laugarren berdinketa bat ere izan da: 16na. Baina hortxe amaitu da lehia, ezustean, Irujorentzat. Hortik aurrera, Olaizola II.ak argi eta garbi utzi du zergatik den, gaur egun, pilotalekuetan dagoen aurrelaririk onena.

Hasierako tantoetan atera ez zaion guztia azken sei tantoetan atera zaio, Irujoren etsipenerako. Aspekoak arazoak izan ditu belaunean, eta bere errendimenduak behera egin du nabarmen. Aimarren pilotakadei nekez erantzun die, eta ezin izan dio erritmoari eutsi. Azkenean, 22 eta 16 Olaizola II.aren alde. Zazpigarren txapela jantzi du Aimarrek.

Finaleko tanto guztiak:

0-1, 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 3-3, 3-4, 3-5, 3-6, 4-6, 4-7, 5-7, 5-8, 6-8, 6-9, 6-10, 6-11, 6-12, 7-12, 8-12, 9-12, 10-12, 11-12, 12-12, 12-13, 13-13, 14-13, 15-13, 16-13, 16-14, 16-15, 16-16, 17-16, 18-16, 19-16, 20-16, 21-16, 22-16.

Ikus ezazu berriro Lau t'erdiko finala osorik.