Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Emakume Master Cup

Emakume pilotariak, binaka, Laboral Kutxa Master Cup txapelketan

eitb.eus

Euskal Herri mailako lehenengo emakumeen binakako esku pilota txapelketa hasiko da larunbatean. Finala martxoaren 5ean izango da, Amorebieta-Etxanon.

2:27

Emakume pilotariez osatutako bikoteak arituko dira aurrez aurre Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketan. Euskal Herri mailan egiten den lehenengo emakumeen esku pilota txapelketa izango da, binaka.

Antolatzaileek erantzun bikaina jaso dute, eta uste baino dimentsio handiagoa izango du txapelketak. Asteazkenean, 75 emakume pilotarik emanda zuten izena, eta ez soilik Euskal Herrikoak. Hainbat herrialdetako pilotariak daude zerrendan, tartean, Kataluniakoak, Andaluziakoak eta Kubako Dayneris del Val. Daniela Vargas mexikarraren parte-hartzea ere espero dute.

Larunbatean, urtarrilaren 14an, ekingo diote txapelketari. Sailkapen faseak otsailaren amaierara arte iraungo du, eta finala martxoaren 5ean egingo dute, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren atarikoan. Zornotzako Udal Pilotalekuan izango da finala, eta ETB1ek eskainiko du.

Lehen Mailako pilotariek binaka eman dute izena. Beraz, dagoeneko osatuta daude bikoteak. Elite mailako pilotarienak, aldiz, zehazteke daude.