Itxi

Bilbao Basket

Jokalari guztiak prest

Bilbao Basketek une gozoan egingo dio aurre Kopari

Erredakzioa

Sito Alonsoren taldeak Unicajarekin neurtuko ditu indarrak ostegun honetan, final-laurdenetako norgehiagokan.

  • Sito Alonso, Bilbao Basketeko entrenatzailea. Argazkia: EFE

    Sito Alonso, Bilbao Basketeko entrenatzailea. Argazkia: EFE

Ostegunean hasiko da, Kanaria Handian, 2015eko ACB Kopa. Bilbao Basketek Unicaja izango du aurkari final-laurdenetako neurketan, eta txapelketari une gozoan egingo dio aurre.

Endesa Ligan denboraldi bikaina egiten ari dira beltzezko gizonak eta sailkapen nagusian laugarren postuan dira. Sito Alonsok jokalari guztiak prest ditu, denboraldi honetan estreinakoz, eta taldea konfiantzarekin dago.

Une egokian den arren, Bilboko taldeak badaki neurketa irabazteko faboritoa Unicaja dela. Andaluziako taldea da ACBko liderra, eta sasoi ezin hobean dago.

Azken jardunaldian porrota jaso zuen Bilbao Basketek Sevillan, baina horrek ez du taldean eraginik izan eta jokalariak baikor dira. Azken bederatzi partidetan bi porrot baino ez dituzte jaso bizkaitarrek.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute norgehiagoka, ostegunean 21:30etik aurrera.