Itxi

Bilbao Basket

Gaur, 20:30etan

Play-offen lehian, Bilbao Basketek baikor egingo dio aurre Valentziari

Agentziak | Erredakzioa

Play-offetako kanporaketa honetan garaile ateratzen den taldeak Real Madrilen aurka neurtu beharko ditu indarrak.

  • Bilbao Basket eta Valentziaren arteko partida. Argazkia: EFE

Dominion Bilbao Basketek Valentzia Basketen aurka neurtuko ditu indarrak gaur, 20:30ean, Endesa Ligako play-offetako finalerdietarako txartela jokoan. Izan ere, talde euskaldunak Font de Sant Lluis pabiloian erdietsitako garaipena dela medio, Real Madrilen aurka lehiatu ahal izateko aukera du.

Sito Alonsoren mutilek sekulako buelta eman zioten partidari, eta Valentzian garaile atera izana ezusteko handia izan zen. Atsedenaldira hamaika puntu azpitik zihoazen, eta porrota ekarriko zutela zirudien, baina finalerdietarako bidea jorratzea lortu zuten azkenean.

Amaiera hori errepikatu nahian, Bilbao Basketek bi jokalari ditu erdigune: Quino Colom eta Marko Todorovic. ACB denboraldian goraipatu dituzten bi kirolari.

Valentziak, ordea, Bilbon jokatutako lehen partidan izandako sentsazioak berreskuratu nahiko ditu, bertan erakutsi baitzuen bere aurpegirik onena. Baina Dominion Bilbao Basketek ez dizkio gauzak batere erraz jarriko. Latavious Williamsekin jokatuko du barnealdean eta Dairis Bertansekin laugarren postuan.

Euroligako bidean dihardute Sito Alonsoren mutilek, eta gaur aukera paregabea dute Valentziaren aurkakoan, baita Laboral Kutxak Malaga mendean hartzeko ere.

Zuzenean izango da ikusgai, ETB1n eta eitb.eus atarian.