Itxi

Bilbao Basket

Lagapena

Dejan Todorovicek beste urtebete emango du Dominion Bilbao Basketen

Agentziak | Erredakzioa

Jokalari serbiarra iaz ere aritu zen Bilboko taldean, eta Unicajak, bere klubak, kontratua berritu dio; utzita bueltatu denez, Sito Alonsoren esanetara jarraituko du.

  • Dejan Todorovic, ezkerretara, iazko partida batean. Argazkia: EFE.

    Dejan Todorovic, ezkerretara, iazko partida batean. Argazkia: EFE.

Dominion Bilbao Basketek baieztatu du Dejan Todorovicek talde bizkaitarrarekin jarraituko duela, Unicajak utzita; izan ere, hegaleko serbiarrak Malagako taldearekin zuen kontratua berritu du, bi urterako, eta andaluziarrek berriro Miribillara utzita joatea erabaki dute.

Larunbatetik dago Todorovic Bilbon, eta ostegunean gainerako taldekideekin Ibizara joango da, non Bilbao Basketek ICL Manresaren aurkako partida jokatuko duen, lagunartekoa, aurre denboraldiko bigarrena.

"Ilusio handia hartzen dugu gurekin dagoelako, eta berak ere hartzen du. Ez zaio azaldu behar zer egin behar duen eta zer ez. Ez da heziketa-fasean dagoen jokalaria, baizik eta emaitzak emango dituena, ligan esperientzia du eta", nabarmendu du Sito Alonso Dominioneko entrenatzaileak.

31 partida, 2014-15 denboraldian

Hegaleko serbiarrak 1,96 altuera eta 21 urte ditu, eta iaz 31 partida jokatu zituen Bilbao Basketekin (ligako 28, eta play offen beste 3). Partidako 4 puntu sartu, errebote bat hartu eta asistentzia bat eman zuen batez beste, neurketako 14 minututan.

Todorovic heldu ostean, Dominionen lan-talden ondorengo jokalariak daude: Raul Lopez eta Clevin Hannah antolatzaileak; Tobias Borg, Alex Mumbru, Alex Ruoff, Dairis Bertans eta Borja Mendia hegalekoak; eta Alex Suarez, Axel Hervelle, Georgios Bogris eta James Shawn pibotak.