Itxi

Bilbao Basket

79-75

Bilbao Basketek kale egin du Fuenlabradaren aurka

Erredakzioa

Dominionek 79-75 galdu du Madrileko taldearen aurka eta bigarren porrota jarraian jaso du Endesa Ligan.

  • Fuenlabrada-Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Bilbao Basketek 79-75 galdu du Fuenlabradaren auka. Argazkia: EFE

Dominion Bilbao Basketek 79-75 galdu du Fuenlabradaren aurka Endesa Ligako bederatzigarren jardunaldiko partida eta bigarren porrota jarraian jaso du ligan. Norgehiagoka parekatua izan da, baina azken segundoetan erabaki da irabazlea.

Partidako lehen minutuak oso parekatuak izan dira. Talde bietako batek ere ez du markagailuan alde handirik lortu, baina lehen laurdeneko azken minutuetan, etxeko taldea nagusi izan da. Ondorioz, Montakit Fuenlabradak 8 puntuko abantaila lortu du lehen hamar minutuen amaieran (27-19). Bigarren laurdenaren hasieran ere etxeko taldea izan da nagusi eta Fuenlabradak bederatzi puntuko aldea lortu du. Bilbao Basket ezinean ibili da bigarren laurdenaren azken txanpara arte, baina atsedenaldira iritsi aurretik erreakzionatu egin dute. Pixkanaka, aldeak murrizten hasi dira, eta desabantaila hiru puntura murriztea lortu dute (42-39).

Hirugarren laurdenean, Montakit Fuenlabrada jaun eta jabe izan da. Etxeko taldeak Bilbao Basketek baino askoz hobeto jokatu du, eta markagailuan abantaila garrantzitsuak lortzen hasi da. Laurden honetan Dominion ez da aurkariaren jokoari erantzuteko gai izan, eta Montakit Fuenlabradaren aldeko 60-49ko emaitzarekin bukatu da hirugarren laurdena.

Bilbao Basketen erantzuna, ordea, azken laurdenean etorri da. Dominionek bikain ekin dio laurden erabakiorrari eta lehia parekatzea lortu du. Amaierarako hiru minutu falta zirenean, Dominionek aurrea hartu du markagailuan (67-68). Partidaren azken txanpa oso eroa izan da. Norgehiagoka amaitzeko 50 segundo falta izan direnean, lehia berdinduta egon da 71-71ko emaitzarekin. Fuenlabradak hobeto jokatu ditu azken jabetzak eta partida irabaztea lortu du (79-75).

Fitxa teknikoa:

79 - Montakit Fuenlabrada (27+15+18+19): Tabu (8), Urtasun (11), Paunic (17), Wear (5), Sobin (10) -hasierako bostekoa-, Stevic, Popovic (19), Uriz (5), Scott eta Smits (4).

75 - Dominion Bilbao Basket (19+20+10+26): Hannah (15), Bertans (9), Mumbru (15), Suárez (4), Bogris (10) -hasierako bostekoa-, Mendia (3), Lopez (14), Ruoff, Todorovic (3), Borg eta Aboubacar (2).

Epaileak: Cortes, Peruga eta Sanchez.

 

nchez.