Itxi

Bilbao Basket

86-80, Herbaliferen aurka

RETAbet Bilbao Basketek porrotarekin esan dio agur denboraldiari

Erredakzioa

86-80 galdu du Herbalife Kanaria Handia taldearen aurka, eta horrela bukatu da Endesa Ligako 2016-2017. denboraldia Bizkaiko taldearentzat, ez baititu play-offak jokatuko.

  • Herbalife Gran Canaria-RETAbet Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Herbalife Gran Canaria-RETAbet Bilbao Basket partidako irudia. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek Herbalife Kanaria Handiaren aurka porrota jasota (86-80) esan dio agur Endesa Ligako 2016-2017. denboraldiari. Urte kaskarra izan da Bilboko taldearentzat, ez baita Koparako sailkatu, ezta play-offetarako, eta Eurocup txapelketan multzoen fasean geratu baitzen kanpoan.

Lehen laurdenean, etxeko taldea nagusi izan da; ondorioz, Herbalife Kanaria Handiak zazpi puntuko abantailarekin bukatu ditu hasierako hamar minutuak (24-17). Bigarren laurdenean etorri da Bilbao Basketen erantzuna. Carles Duranen taldeak defentsako lana hobetu, eta erasoan gehiago asmatu du. Hori dela eta, hiru puntuko desabantailarekin iritsi da atsedenaldira Bizkaiko taldea (40-37).

Atsedenaldiaren ostean, partida asko parekatu da. Etxeko taldeak bost eta sei punturainoko abantailak lortu ditu (52-46), baina Bilbao Basktek ez dio markagailuan alde egiten utzi, eta Herbalife Kanaria Handiak hiru puntuko errentarekin (62-59) ekin dio azken laurdenari. Amaierarako bost minutu falta zirenean, puntu bakarrera hurbildu da Bilbao Basket (69-68), baina hurrengo minutuan Kanaria Handiak zazpi puntuko abantaila hartu du (77-70). Hala ere, RETAbet Bilbao Basketek ez du amore eman, eta bi puntura gerturatu da, neurketa amaitzeko bi minuturen faltan (79-77). Dena den, azken bi minutuetan, Herbalifek hobeto jokatu eta gehiago asmatu du. Ondorioz, garaipena Herbalife Kanaria Handia taldeak eskuratu du (86-80).

Fitxa teknikoa:

86 - Herbalife Kanaria Handia (24+16+22+24): Oliver (14), Paulí (5), O'Neale (12), Aguilar (10) eta Pasecniks (12) —hasierako bostekoa—, Hendrix (0), Planinic (4), McCalebb (8), Rabaseda (3), Kuric (11) eta Baez (7).

80 - Bilbao Basket (17+20+22+21): Tabu (10), Lapornik (6), Mumbrú (13), Hervelle (8) eta Eric (13) —hasierako bostekoa—, Borg (2), Mendía (0), Salgado (2), Todorovic (10), Buva (16) eta Llorente (0).

Epaileak: Peruga, Castillo eta Aliaga.

llo eta Aliaga.