Itxi

Bilbao Basket

Real Madrilen aurka

Randolphek Bilbao Basketen garaipena eragotzi du (80-87)

Erredakzioa

Beltzezko gizonek 30 minutu baino gehiago eman dituzte markagailuan aurretik, baina hegal-pibot estatubatuarraren lanak saririk gabe utzi du bilbotarren ahalegina.

  • Bilbao Basketek ezin izan du garaipena etxean gera dadila lortu. Argazkia: EiTB

    Bilbao Basketek ezin izan du garaipena etxean gera dadila lortu. Argazkia: EiTB

Anthony Randolphek Miribillako galdara hoztu du ostegun honetan; izan ere, Bilboko zaleek bere taldea airean eraman dute azken uneraino, baina, azkenean, RETAbet Bilbao Basketek men egin behar izan du Real Madrilen indarraren aurrean (80-87), 30 minutu baino gehiago markagailuan aurretik eman ostean.

Randolph hegaleko pibot estatubatuarraren partida (26 puntu, 9 errebote, 2 txapel, eta 15 jaurtiketatik 11 saskiratze, biko jaurtiketetan) izan da Real Madrilek erabili duen argudio nagusia une oro lehian aritzeko, eta, azken txanpan, Pablo Lasorenek bere alde erabaki dute partida oso erakargarria izan dena.

Azken txanpa horretan, ordura arte Randolphek egindako lan bikainari Luka Doncic (13 puntu eta 5 errebote), Facundo Campazzo (11 puntu eta 5 asistentzia) eta Gustavo Ayon (8 puntu eta 4 errebote) batu zaizkio partida irauli duen 0-13ko partziala egiteko. Hiru minutu eta erdian, markagailuan 68-64ko emaitza izatetik 68-77koa izatera igaro da, eta orduan eraiki du Madrilek bere garaipena Bilbao Basket oso lehiakor baten aurrean. Gaurkoak Fuenlabradan jasotako porrot argia ahazteko balio izan die bilbotarrei.

Carles Duranen jokalariek estu hartu dituzte madrildarrak, eta batez ere hasierako bostekoak denbora luzez egin du amets garaipenarekin. Axel Hervelle izan da beltzezko gizonen arteko onena (13 puntu eta 6 errebote), eta Dejan Todorovic (15 puntu), Mickell Gladness (8 puntu, 6 errebote eta 2 txapel), Pere Tomàs (11 puntu eta 5 errebote) eta Jonathan Tabu (8 puntu eta 11 asistentzia) jokalariek ere lan ona egin dute.

Partida hasi baino lehen, pabiloia hustu egin behar izan dute, ke-erauzgailu batean sua piztu eta kea zabaldu baita, baina berehala itzuli da egoera bere onera.

Fitxa teknikoa:

RETAbet Bilbao Basket: 80 (28+17+17+18): Tabu (8), Todorovic (15), Tomàs (11), Hervelle (13) eta Gladness (8) —hasierako bostekoa—, Fischer (6), Redivo (14), Hammink, Mumbrú (4) eta Kempton (1).

Real Madril: 87 (20+23+17+27): Campazzo (11), Casseur (6), Doncic (13), Thompkins (3) eta Ayón (8) —hasierako bostekoa—; Carroll (7), Rudy Fernández (4), Taylor (5), Randolph (26), Kuzmic (2), Reyes (2) eta Yusta.

Epaileak: Daniel Hierrezuelo, Juan de Dios Oyón eta Pedro Munar. Ez dute inor kanporatu.