Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Bilbao Basketek bolada onari eutsi nahi dio Limogesen aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Carles Duranek zuzentzen duen taldeak joan den astean Lietuvos Rytasen aurka (83-93) Lituanian izan zuen estreinaldi bikainaren bidetik jarraitu nahi du. Gaur, zuzenean (20:30).

  • Bilbao Basketek Betisen aurka jokatu zuen partida. Argazkia: EFE

    Bilbao Basketek Betisen aurka jokatu zuen partida. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek hasi duen bolada onari jarraipena eman nahi dio gaur Limogesen aurka jokatu behar duen partidan; izan ere, hiru norgehiagoka irabazi ditu errenkadan astebeteren buruan, eta hiru garaipen horiei esker Eurokopa modu ezin hobean abiatu du eta Endesa Ligan sailkapeneko erdialdean jarri da jada, hasierako bi jardunaldietan bi porrot jaso zituen arren.

Horrenbestez, Carles Duranek zuzentzen duen taldeak jarraipena eman nahi dio joan den astean Lietuvos Rytasen aurka (83-93) Lituanian izan zuen estreinaldi bikainari, final-hamaseirenetara sailkatzeko bidean, aurreko denboraldian lortu ezin izan zuena aurtengoan lortzeko, hain zuzen ere.

Beltzezko gizonek ez dute ia partida txarrik egin orain arte jokatu dituzten bost norgehiagoketan. Fuenlabradaren aurka, liga hasieran, porrot garbia jaso zuten, baina hortik aurrera aurkari guztien aurrean ondo lehiatu dira, baita Real Madrilen aurka Miribillan galdu zuten partidan ere, 33 minutuz markagailuan aurretik egon baitziren.

Sentsazio on horiek Duranek errotazio orekatu bat aurkitu izanak eragin ditu, taldea bederatzi jokalariren ekarpena jasotzen ari baita. Bilbotarren entrenatzaileari gauza bakarra falta zaio hamar jokalari nagusiekin pozik egon ahal izateko: Lucio Redivo eskolta argentinarrak ere bere maila ematea.

Baliabide horiekin, Bilbao Basketek Limoges azpiratu nahi du, baina ez da lan erraza izango. Frantziarrek palmares zabala dute: Euroliga eta Errekopa bana, hiru Korac kopa eta Frantziako hamaika liga eta hiru kopa. C Multzoko lehen jardunaldian, galdu egin zuen Lokomotiv Kuban Errusiako Krasnodar hiriko taldearen etxean (61-63).

Kyle Millingek gidatzen duen taldeko jokalari garrantzitsuenak kanpoko hiru jokalari dira: Danny Gibson joko-antolatzaile kamerundarra, Kenny Hayes eskolta estatubatuarra eta Axel Bouteille hegaleko frantziarra (horrek sartzen ditu puntu gehien).

Limoges bederatzigarren dago bere ligan, hiru partida irabazi eta bi galdu eta gero.