Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Bilbao Basketek Alba Berlinen aurka galdu eta asko zaildu du bere sailkapena (86-94)

Erredakzioa

Laugarren porrota pilatu du jarraian Eurokopan, eta bere multzo azken postuetan dago Partizanekin berdinduta, biak ere garaipen bakarrarekin.

  • Alex Mumbru, partidako une batean. Argazkia: EFE

    Alex Mumbru, partidako une batean. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du beste behin ere etxean Eurokoparen txapelketan barruan, oraingoan Alba Berlinen aurka (86-94). Horrenbestez, Miribillan jokatutako Europako partida guztietan porrota jaso du (hirutik hirutan), eta kinka larrian utzi ditu txapelketako bigarren fasera sailkatzeko aukerak; izan ere, bigarren itzuli bikaina egin beharko du C Multzoko kanporatuen artean geratu ez izateko.

Aito Garcia Renesesek zuzentzen duen talde alemaniarra oso emankor agertu da saskira begira, eta beltzezko gizonak ez dira gai izan puntu jario horri aurre egiteko, eta zaleen aurrean ezintasuna agertu dute berriro, batez ere defentsako lanetan.

Alba Berlineko ia jokalari guztiek pilatu dituzte puntu asko, horietako zazpik hamar edo puntu gehiagorekin amaitu baitute norgehiagoka, eta horietako lauk hamar puntu edo gehiagoko balorazioa lortu dute. Honako hauek izan dira kanpotarren artean jokalari onenak: Peyton Siva (15 puntu, 8 falta jaso eta 21eko balorazioa), Luke Sikma (11 puntu, 7 errebote eta 17ko balorazioa), Marius Grigonis (14 puntu hutsik gabe eta 16ko balorazioa) eta Stefan Peno (12 puntu).

Bilbotarren aldetik, Lucio Redivo (20 puntu eta 15eko balorazioa, Bilbon dagoenetik jokatu duen partidarik onena), Alex Mumbru (17 puntu, 5 asistentzia eta 19ko balorazioa) eta Mickell Glandess (12 puntu eta 3 txapel).

Aitzitik, aipatu hirukoteak egindako lan ona eta Ricardo Fischerren, Dejan Todorovicrn, Pere Tomasen eta Axel Hervelleren ahaleginak ez dira nahikoa izan, eta Alba Berlinek merezita irabazi du. Hartara, aparteko bigarren itzulia egitera behartuta daude bilbotarrak, garaipen bakarrarekin baitaude bost norgehiagoka jokatu ostean.

Tim Kemptonek ez du taldean jarraituko

Bestalde, partida behin bukatuta Reatabet Bilbao basketek jakitera eman duenez, Tim Kempton pibotak ez du taldean jokatzen jarraituko, alderdi biek hala adostuta.

Fitxa teknikoa:

RETAbet Bilbao Basket: 86 (18+24+28+16): Fischer (4), Todorovic (8), Hammink, Hervelle (9) eta Gladness (12) –hasierako bostekoa–; Tabu (5), Redivo (20), Tomàs (9), Mumbrú (17) eta Vucetic (2).

ALBA Berlin: 94 (18+34+25+17): Siva (15), Butterfield (13), Vargas (11), Sikma (11) eta Clifford (2) –hasierako bostekoa–; Saibou (6), Peno (12), Grigonis (14) eta Radosavljevic (10).

Partzialak: 18-18, 42-52 (atsedenaldia); 70-77 eta 86-94 (amaiera).

Epaileak: Joseph Bissang (Frantzia), Milija Vojinovic (Serbia) eta Mario Majkic (Eslovenia). Kaleratuak: Clifford (32. min) eta Redivo (40. min).