Itxi

Bilbao Basket

Eurokopako 9. jardunaldia

Bilbao Basketek ezin izan dio eutsi Lokomotiv ahaltsuari (69-91)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Hasierako 25 minutuetan bilbotarrek azken jardunaldietan azaldutako joko onarekin jarraitu dute, baina azken laurdenean errusiarrak oso ahaltsu agertu dira

1:33

RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du asteazken honetan Miribillan Lokomotiv Kuban Krasnodar taldearen aurrean (69-91), Eurokopako bederatzigarren jardunaldian. Bilbotarrek ezin izan diote eutsi errusiarrek azken laurdenean azaldu duten ahalmenari, nahiz eta partidako hasierako 25 minutuetan joko ona egin duten.

Alabaina, amaierako 15 minutuetan jasotako 20 eta 48ko partzialak (hirugarren laurdeneko erdialdean markagailuak erakusten zuen 49-43ko emaitzatik, hain zuzen ere) argi utzi du 'beltzezko gizonek' oraindik lan asko egin behar dutela Veljko Mrsic entrenatzaileak nahi duen talde sendoa bihur daitezen.

Hori bai, aipatu porrotak ez du aparteko ondoriorik, bilbotarrak dagoeneko txapelketatik kanpo baitaude joan zen jardunalditik. Lokomotiv, aldiz, C Multzoko liderra izaten jarraituko du porrotik hartu gabe, eta Top 16ra igarotzeko txartela esku-eskura dauka.

Bilbao Basketen jokalari onena Deja Todorovic izan da beste behin ere (21 puntu eta 20ko balorazioarekin), baina batez ere lehen zatian azaldu da eraginkor; ondoren, gainerako taldekideek egin duten moduan, gaitasunik gabe agertu da aurkariaren ahalmenari aurre egiteko.

Fitxa teknikoa:

RETAbet Bilbao Basket 69 (23+16+18+12): Salgado (3), Hammink (5), Todorovic (21), Hervelle (5) eta Gladness (2) ?hasierako bostekoa?; Fischer (7), Redivo (8), Pere Tomàs (2), Mumbrú (8), Devin Thomas (6) eta Vucetic (2).

Lokomoiv Kuban Krasnodar 91 (20+22+22+27): Ragland (17), Baburin (3), Collins (6), Broekhoff (17) eta Elegar (4) ?hasierako bostekoa?; Lacey (13), Babb (21), Qvale (9), Levshin (1) eta Gerasimov.

Partzialak: 23-20, 39-42 (atsedenaldia); 57-64 eta 69-91 (amaiera).

Epaileak: Marcin Kowalski (Polonia), Sinisa Herceg (Kroazia) eta Saulius Racys (Suedia). Ez dute inor kanporatu.