Itxi

Bilbao Basket

Kontratu-etetea

Ricardo Fischerrek Bilbao Basketeko jokalaria izateari utzi dio

AGENTZIAK

Fischerren lekua hartzeko, Nikola Rebic fitxatu zuen joan zen astean Bilbao Basketek Belgradeko Mega Bemax taldetik.

  • Ricardo Fischer agurtu du Bilbao Basketek. Argazkia: Bilbao Basket

    Ricardo Fischer agurtu du Bilbao Basketek. Argazkia: Bilbao Basket

RETAbet Bilbao Basketek ostegun honetan jakitera eman duenez, akordio batera iritsi da Ricardo Fischer joko-antolatzaile brasildarrarekin elkarrekin zuten kontratua bertan behera gera dadin.

"Klubetik, aintzat hartu nahi dugu Ricardo Fischerrek azaldutako profesionaltasuna eta ahalegina gure taldeko elastikoa jantzi duen zazpi hilabeteetan. Muito obrigado, Ricardo. Eskerrik asko", esan dio agur klubak ohar baten bidez.

1,85 metro luze den eta 27 urte dituen brasildarra joan zen udan heldu zen Bilbora, eta 17 norgehiagoka jokatu ditu talde bilbotarrarekin Endesa Ligan. Lehia horietan, batez beste, 14 minutuz aritu da kantxan, eta tarte horretan 5,9 puntu, 1,9 asistentzia eta 4,6ko balorazioa pilatu ohi izan ditu.

Bere aldetik, jokalariak berak bere Twitterreko profila erabili du agurtzeko: "Gauzak ez dira beti planeatzen ditugun bezala, horregatik jakinarazten die nire lagun eta jarraitzaileei gaurtik aurrera Bilbao Basketeko kide izateari utziko diodala. Ikasketa askoko eta errespetu handiko zazpi hilabete izan dira. Eginbeharra egunero azaldutako ahalegin eta ardurarekin bete dudala uste dut."

Fischerren lekua hartzeko, Nikola Rebic fitxatu zuen joan zen astean Bilbao Basketek Belgradeko Mega Bemax taldetik.

Bai serbiarrak, bai Ben Bentil Ghanako hegaleko pibot fitxatu berriak datorren igandean debutatuko dute Bilbao Basketek eta Gipuzkoa Basketek igandean jokatuko duten euskal derbian.