Itxi

Bilbao Basket

96-84

Bilbao Basketek jaitsiera postuetatik gertu jarraitzen du Estudiantesen aurka galduta

Erredakzioa

RETAbet Bilbao Basket taldeak 96-84 galdu du Madrilen, eta jaitsiera postuan dagoen Betisekin berdinduta dago sailkapenean, baina averagea bizkaitarren aldekoa da.

RETAbet Bilbao Basketek 96-84 galdu du Movistar Estudiantesen aurka Endesa Ligako 26. jardunaldiko partida. Porrota jaso arren, talde bizkaitarrak jaitsiera postuetatik at jarraitzen du. Jaitsiera postuan dagoen Betisekin berdinduta dago Bilbao Basket, baina averagea alde du. Azken sailkatua den Joventutek garaipen bakarrera dauka Bilboko taldea eta Burgosek garaipen bat gehiago du.

Partidako lehen minutuak parekatuak izan dira, baina minutuak igaro ahala nagusitzen hasi da Estudiantes eta Madrilgo taldea zuloa irekitzen hasi da (18-13). Bilbao Basketek, ordea, azkar erantzun du, eta ez dio abantaila handitzen utzi Estudiantesi. Gainera, aurretik ere jarri da (18-19). Lehen laurdeneko azken minutuetan, ordea, nagusi izan da Movistar Estudiantes, eta 7 puntuko errenta lortu du (28-21).

Bigarren laurdenean, oso gaizki jokatu du Bilbao Basketek, erraztasunak eman dizkio aurkariari eta Estudiantes horretaz baliatu da abantaila garrantzitsuak lortzeko. Jaun eta jabe izan da Madrilgo taldea, Bilbao Basket ezinean ibili da, eta talde bizkaitarra 13 puntuko desabantailarekin iritsi da atsedenaldira (54-41).

Atsedenaldiaren ostean, Bilbao Basketek ezinean jarraitu du, eta Movistar Estudiantesek ez du arazo gehiegirik izan bigarren laurdenean lortutako abantailari eusteko. Madrilgo taldeak 12 puntuko abantaila eskuratu du hirugarren laurdenaren amaieran (79-67).

Azken laurdenean, RETAbet Bilbao Basketek ez du aurkaria estutu eta Movistar Estudiantesek ez du arazorik izan garaipena eskuratzeko. Nagusi izan da Madrilgo taldea eta garaipena lortu du 96-84ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

96 - Movistar Estudiantes (28+26+25+17): Cook (3), Landesberg (21), Brizuela (17), Suton (18) eta Brown (10) —hasierako bostekoa—, Hakanson (5), Vicedo (7), Peña (-), Caner-Medley (6) eta Arteaga (9).

84 - RETAbet Bilbao (21+20+26+17): Salgado (10), Tabu (10), Tomas (2) Hervelle (3) eta Thomas (8) —hasierako bostekoa—, Hammink (2), Redivo (18), Mumbru (24), Gladness (2) eta Bentil (5).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Vicente Bulto eta Alberto Sanchez Sixto.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Saskibaloia