Itxi

Bilbao Basket

84-56

Bilbao Basketek porrota jaso du Joventuten aurka eta averagea ere galdu du

eitb.eus

RETAbet taldeak 84-56 galdu du Divina Joventuten aurka Endesa Ligan mantentzeko lehia zuzena. Kataluniako taldeak bere alde du basket-averagea talde bizkaitarrarekin.

RETAbet Bilbao Basketek 84-56 galdu du Divina Seguros Joventut taldearen aurka Endesa Ligan mantentzeko aukari zuzenen arteko partida. Bizkaiko taldea jaitsiera postuetatik at da, baina garaipen bakarrera du jaitsiera postuan dagoen Joventut. Gainera, basket-averagea galdu du Bilboko taldeak Joventutekin. Betis ere jaitsiera postuetan dago, Burgosen aurka galdu baitu, eta Bilbao Basketetik garaipen bakarrera dago. Sevillako taldearekin , ordea, basket-averagea alde du Bilbao Basketek.

Partida oso garrantzitsua izan da bi taldeentzat eta Joventutek hasieratik erakutsi du garaipena nahi zuela. Bilbao Basketek sartu du neurketako lehen saskiraketa (0-2), baina lokartu egin da talde bizkaitarra eta 14-0eko partziala sartu dio etxeko taldeak. Lehen hamar minutuak Joventuten aldeko 14-4ko emaitzarekin bukatu dira.

Bigarren laurdenean okerrera egin du RETAbet Bilbao Basketen jokoak eta Joventut aise nagusitzen hasi da. Etxeko taldeak 16 puntuko errenta eskuratu du (25-9), baita 20 puntukoa ere (35-15). Atsedenaldira iritsi aurretik, pixka bat murriztu du desabantaila Bilbao Basketek (37-24).

Hirugarren laurdenari, 13 puntuko desabantailarekin ekin dio RETAbet taldeak. Talde bizkaitarra 8 puntura gerturatu da hasieran (41-33), baina irudipen bat soilik izan da. Joventutek ikusi du aurkaria gerturatzen ari zela, azeleragailua sakatu du, eta berriro erabat nagusi izan da. Aldeak handitzen hasi da Joventut eta 26 puntuko abantaila lortu du (61-35) azken laurdenari ekiteko.

Garaipena erabakita egon da azken laurdenerako, baina averagea egon da jokoan. RETAbet Bilbao Basketek jipoia jaso du Badalonan. Gainera, Joventutek basket-averagea bere aldekoa izatea lortu du, partida 84-56ko emaitzarekin irabazita.

Fitxa teknikoa:

84 - Divina Seguros Joventut (14+23+24+23): Laprovittola (22), Ventura (2), Conger (8), Gielo (18), Birgander (6) -hasierako bostekoa-, Richard (11), Lopez-Arostegui (6), Kulvietis (2), Jordan (4) eta Dimitrijevic (5)

56 - Retabet Bilbao (4+20+12+20): Tabu (6), Redivo (5), Tomàs (12), Hervelle (9), Gladness (-) -hasierako bostekoa-, Salgado (-), Thomas (4), Mumbrú (14), Rebic (2), Todorovic (1), Hammink (-) eta Bentil (3).

Epaileak: Antonio Conde, Francisco J. Araña eta Raul Zamorano.