Itxi

Gipuzkoa Basket

Endesa Liga

Denboraldiko lehen garaipena GBCrentzat; Dominionek porrot egin du

Erredakzioa

RETAbet.es GBC taldeak 72-74 irabazi dio Iberostar Teneriferi eta denboraldi honetan lortzen duen lehen garapena da. Dominionek, aldiz, 85-91 galdu du Estudiantesen aurka.

  • David Doblas. Argazkia: EFE

    Gipuzkoa Basketek denboraldiko lehen garaipena lortu du Tenerifen. Argazkia: EFE

RETAbet.es GBC taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu du Iberostar Teneriferi 72-74 irabazita. Talde gipuzkoarrak Endesa Ligako hamaika jardunaldi jokatu behar izan ditu lehen garaipena eskuratu ahal izateko. Bestalde, Dominion Bilbao Basketek 85-91 galdu du Movistar Estudiantesen aurka Bilbao Arenan.

Gipuzkoa Basketek jardunaldiko ezustekoa eman du Tenerifen garaipena lortuta. Hasieratik oso ondo jokatu dute Fisacek zuzentzen dituen mutilek eta lehia oso parekatua izan da. Lehen laurdenean, etxeko taldeak bi puntuko abantaila lortu du (22-20), baina bigarren laurdenean GBC nagusi izan da, eta talde gipuzkoarra sei puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (36-42). Hirugarren laurdena oso parekatua izan da. Etxeko taldeak bigarren laurdenean eskaini duen jokoa hobetu eta puntu bakarreko aldearekin ekin dio azken laurdenari (58-57). Amaierako hamar minutuak oso lehiatuak izan dira. Bi taldeek garaipena lortzeko aukerak izan dituzte, baina Gipuzkoa Basketek hobeto jokatu du une erabakigarrietan eta merezitako garaipena lortu du (72-74).

Movistar Estudiantesek ere ezustekoa eman du Bilbao Arenan, denboraldiko bigarren garaipena lortuz. Bilbao Basketen eta Estudiantesen arteko partida oso parekatua izan da. Lehen laurdenean etxeko taldeak hiru puntuko abantaila lortu du (19-16) eta bi puntuko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira (42-40). Atsedenaldiaren ostean, Bilbao Basket nagusi izan da, eta hirugarren laurdena Dominionen aldeko 66-58ko emaitzarekin bukatu da. Zortzi puntuko abantailarekin ekin dio, hortaz, Bilbao Basketek azken laurdenari. Dena den, Estudiantesek etxeko taldeak baino hobeto jokatu du azken laurdenean. Madrileko taldeak partida berdintzea lortu du lehenengo eta merezitako garaipena eskuratu du ondoren (85-91).