Itxi

Gipuzkoa Basket

87-91

Bilbao Basketek garaipena lortu du Gipuzkoa Basketen aurkako derbian

Erredakzioa

RETAbet taldeak 87-91 irabazi du Donostian jokatu den Endesa Ligako euskal derbia. Bigarren laurdenean hautsi dute neurketa bizkaitarrek.

5:20

RETAbet Bilbao Basketek irabazi egin du Gipuzkoa Basketen aurka (87-91) Donostian jokatu duen euskal derbia. Denetarik izan du Endesa Ligako euskal derbi honek eta azken txanpa ero baten ostean erabaki da, bizkaitarren alde.

Partida oso parekatuta hasi da. Bi taldeetako batek ere ez du lortu markagailuan alde egitea. Lehen laurdenaren azken txanpan, ordea, bost puntuko abantaila eskuratu du Bilbao Basketek (11-16). Bigarren laurdenean, Gipuzkoa Basket ezinean ibili denez, jaun eta jabe izan da talde bizkaitarra. RETAbetek zuloa ireki du markagailuan, 17 puntuko aldea lortuta (19-36). Ordutik, neurketa atsedenaldira iritsi arte, 14 puntura murriztu du desabantaila GBC taldeak  (28-42).

Atsedenaldiaren ostean, RETAbet Bilbao Basketek kontrolpean izan du neurketa eta 13-16 puntuko aldea mantentzen izan du, ia hirugarren laurden osoan. Laurdenaren azken minutuetan, ordea, Gipuzkoa Basketek desabantaila murriztea lortu eta hamar puntura hurbildu da (55-65), baina Bilbao Basketek 15 puntuko abantailarekin amaitu du hirugarren laurdena (55-70). Azken laurdenean denetarik gertatu da: Bilbao Basketek 14 puntuko abantaila izan du (57-71) Porfi Fisac entrenatzaileari teknika bikoitza adierazi ostean, baina Gipuzkoa Basketek ez du etsi eta bost puntura hurbildu da (71-76). Azken minutua oso eroa izan da; partida amaitzeko 24 segundoren faltan bi puntura hurbildu da GBC (85-87). Azken jabetzak, ordea, ondo baliatu ditu RETAbet Bilbao Basketek eta garaipena lortu du (87-91).

Fitxa teknikoa:

87.- Gipuzkoa Basket: Dani Pérez (2), Van Lacke (11), Swing (19), Clark (11), Agbelese (5)-hasierako bostekoa- Chery (20), Salvo, Pardina (3), Fakuade (5), Norel (8) eta Oroz (3)

91.- RETAbet Bilbao Basket: Tabu (7), Hervel (10), Tomás (6), Todorovic, (22),  Gladness (7)-hasierako bostekoa- Fischer (5), Hammink (2), Redivo (14), Salgado (1), Kemtong, Vucetic (2), Mumbru (15).

Epaileak: Perez Perez, Perea, Zamorano. Porfi Fisac egotzi dute 30. minutuan, teknika bikoitza adierazi ostean.

Markagailua laurden bakoitzeko: 11-16; 28-43-atsedenaldia- 55-70; 87-91.